Isuna ezarri diete ogiaren prezioa igotzea adostu zuten okindegiei

Bi milioi euroko isuna ezarri die Espainiako Lehia Batzordeak Nafarroako zortzi okindegiri, ogiaren prezioa igotzea adosteagatik. 2011ko otsailean, euro batetik 1,05 eurora igo zuten ogi barra arruntaren prezioa Iruñerrian. Enpresa hauek jaso dute isuna: Berlys Corporacion Alimentaria, Horno Artesano, Union Panadera de la Ribera, Arrasate, Fabripan Yori, Panaderia Miravalles, Hornamosopan eta Navarpanek.

Batzordeak salatu du igoera “orokorra” izan zela. Horregatik, lege urraketa “larritzat” jo du. Izan ere, “oinarrizko elikagaia” baita ogia. Nabarmendu duenez, zortzi enpresa horien arteko akordioak saltzaileengan eta kontsumitzaileengan izan du eragina. Ogi ekoizpenaren %80 zortzi enpresa horien esku dago. Beraz, haien itunaren ondorioz, 2011. urtean ogia %5 garestitu zen Iruñerrian.