Bankuei zerga berria jartzea proposatu du Ezkerrak

Herrialde Katalanetan eta Asturiasen (Espainia) abian dauden antzeko neurriak aintzat hartuta, Nafarroan lan egiten duten bankuei zerga berri bat jartzeko lege proposamena erregistratu berri du Ezkerrak Nafarroako Parlamentuan. Oraindik proposamen hori ez dute zehaztu noiz eztabaidatu ahal izango den. Hala ere, Ezkerrako kideen aburuz, zerga berria abian jarriko balitz, urtean batez beste 40 milioi euro lortuko lituzke administrazio publikoak. Gordailuaren zenbatekoaren arabera, %0,3 eta 0,5 arteko interes tasa ezartzeko asmoa dute.

Dena den, Ezkerrak argitu du zerga hori ordaintzea ez dagokiela inolaz ere bankuetako bezeroei. Alde horretatik, bankuek beren poltsikoetatik ordaindu beharrekoa dela zehaztu du. Baina, proposamena Espainiako Konstituzioarekin bat doan edo ez zalantzan dago. Izan ere, Herrialde Katalanetan eta Asturiasen onartutako legearen aurkako helegitea aurkeztu du PPk Espainiako Auzitegi Konstituzionalean.

Are gehiago, PP buru duen Espainiako Gobernuak Asturiasen eta Herrialde Katalanetan bankuei ezarritako zerga berria indarrik gabe utzi nahian, zerga bera onartu zuen, baina gordailuen interes tasa %0 da. Horregatik, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak izango du azken hitza zerga berriaren gainean. Hala ere, oraindik, zerga kobratzen ai dira Herrialde Katalanetan zein Asturiasen.

Jose Miguel Nuin Ezkerrako eledunaren irudiko, Nafarroan urtean 40 milioi euro lortu ahal izango lirateke aste honetan egin duten lege proposamena onartuz gero. Azken kalkuluen arabera, herrialdeko bankuetan, gordailu gisa 15.000 milioi euro inguru daude. Nuinen arabera, “egun Nafarroan gizarte politikak finantzatzeko dauden arazoei irtenbidea aurkitzeko modua izan daiteke”.

Horrez gain, Nafarroako zerga sistema “ez dela bidezkoa” esan du. Hala, zerga gehien langile, kontsumitzaile, enpresari txiki eta autonomoek ordaintzen dutela salatu du. “Bankuek eta enpresa handiek oso gutxi ordaintzen dute”. Alde horretatik, egungo egoera ekonomiko eta sozial “kaskarraren” erantzuletzat jo ditu bankuak.