Txikitan ez zela grazia “berezia” zuen haurra onartu du Ramon Marco (Tafalla, 1959) pailazoak. Are gehiago, “zozo xamarra” ere bazela. 1980ko hamarkadan hasi zen antzerki ikasketak egiten. Kasualitatez hasi zen gaur egungo Nafarroako Antzerki Eskolan ikasten. Asteburuetan Madrildik etortzen ziren bi irakaslek ematen zizkieten eskolak. Orduan ohartu zen ikusleari irria eragitea zuela afizio, eta ofizio ere bilakatu nahi zuela.
Nostalgia apur batekin mintzatzen da Marco 1980ko hamarkadan bizitakoaz. Orduko Erriberriko Antzerki Jaialdiaz ondo baino hobeki oroitzen da. “Oso jaialdi oparoa izaten zen; antzezlanak ikusteaz gain, ikastaroak egiteko aukera ere izaten zen”. Marcok adierazi duenez, beti izan du ikasten jarraitzeko gogoa. Horregatik, lagun talde batek urtero-urtero etxe bat alokatzen zuen Erriberriko jaialdian eskaintzen ziren ikastaroetan parte hartzeko.
1985. urte aldera, Trocolo konpainia eratu zuen beste lau lagunekin batera, Bartzelonan egindako akrobazia ikastaro baten ostean. Orduan erakarri zuen Marco zirkuaren espirituak. “Han hasi ginen clown izaera sakontzen. Izan ere, komediak erakartzen gintuen. Arrazoi horrengatik joan ginen Italiara. Marcok dio garai hartan aurkitu zuela bere bidea. Izan ere, berak pailazoa, bufoia… izan nahi zuen, eta baita lortu ere.
Uste du zirkuak eskaintzen duela ikuskizunik “oparoena”. Artista handien bilgune gisa ulertzen du zirkua, gainera. “Pailazoak eta akrobatak ikus daitezke, besteak beste. Oso ikuskizun biziak izaten dira”. Horregatik uste du zirkuak jende andana erakartzeko gaitasuna duela oraindik ere.
Joan den astean, Nafarroako XII. Zirku Jaialdia izan zen hainbat herritan. Jaialdi horretan parte hartu zuen Marcok pailazo gisa. Besteak beste, Altsasun, Uharten eta Vianan eskaini dituzte ikuskizunak. “Halako proiektuak izatea oso interesgarria dela iruditzen zait. Era askotako artistak aritzeak egiten du erakargarri zirkua”. Nafarroa herrialde txikia izan arren, artista asko dituela azaldu du.
Horietako asko, Oreka zirku eskolan ikasitakoak dira. Marco bera eskola horretako irakaslea da. Besteak beste, interpretazio eta ikuskizunak zuzentzeko eskolak ematen ditu. Baina ohartarazi du eskolatik kanpo jende andana dagoela pilotekin gauza zoragarriak egiten dituena.
Marcok ez du pailazorik gabeko zirkuan sinesten. Gainera, kritikoa da pailazoak haurrez osatutako publikoarekin soilik lotzeko dagoen joerarekin. Espainiako telebistan horrenbeste arrakasta izan zuten Aragon familiako pailazoek uste horretan zerikusi zuzena izan dutelakoan dago. “Egun ditugun ikuskizunetan, helduek haurrek baino hobeto pasatzen dute”. Dena den, txisteak haurrentzat eta helduentzat berberak izaten direla dio Marcok. “Oso pozik sentitzen naiz heldu batek esaten didanean gure ikuskizunari esker haurra sentitu dela berriz; hori baita gure helburu nagusia, ikuslearen irribarrea erdiestea”.
Ikuskizunak prestatzen denbora luzea hartzen du Marcok. Pailazoa izatea erraza dela dirudien arren, lan konplexua dela azaldu du. “Erabiltzen dugun hizkuntza eta keinuak aurrez pentsatuta eramaten ditugu agertokira; pailazokeriak ondo egiteko aurrez lantzea ezinbestekoa da”. Beti izaten da ezustekoren bat zuzeneko emankizunetan, baina hori maite du Marcok. “Maite dut emankizun batean pertsona bati begiratu, hark irribarre egin, eta nik irribarrea itzultzen diodanean sortzen den kimika”.
Sarritan, pailazoa ergel edo tentel izaerarekin lotu izan da, eta, alde horretatik, haserre dago Marco. Horren ondorioz, clown hitza indarra hartzen ari dela ohartarazi du. “Behin gazte batekin clown eta pailazoen ezberdintasunaz mintzatzen ari nintzela, esan zidan clown bat ikasketak zituen pailazoa zela. Nik neuk nahiago dut pailazo deitzea”, dio irri artean.
Bestalde, pailazo izatea gero eta zailagoa dela argi utzi du Marcok. Izan ere, krisi ekonomikoak eragin zuzena izan duela onartu du. “Sektorerik kaltetuenetakoa dela esango nuke. Murrizketak egin behar direnean, beti lehenengo kaltetua kultur arloa izaten da. Haientzat kulturak ez du ekoizten eta horregatik aurrekontua murrizten dute”. Duela urte batzuk, bi hilabete lehenago jakiten zuen zer lan izango zuen, baina orain azken unean kontratatzen dute. “Programatzaileek aurrekontu murritza izaten dute, lehen baino aurreikuspen gutxiagorekin deitzen dute”.
Zailtasunak zailtasun, ikusleen irribarrea maite du Marcok, eta hori lortzeko egiten du lan. Helduei zein haurrei sudur gorria baliabide hartuta irria eragitea du jomuga. Zirkua atsegin du, karpa baten gerizpean zein herriko plazetan eskain daitekeen zirkua. Izan ere, argi du pailazo izaten ikas daitekeela, eta ez dela horretarako jaiotzez grazia berezirik izan behar. Hori erakusten daramatza 30 urte baino gehiago.