“Ikerketak baino ezin du esan meatzea segurua den”

Erreniegako inguruan geologo aditua da Antonio Aretxabala (Vigo, Galizia, 1963). Aurten eremu horretan izan diren lurrikarak aztertu ditu. Eremu hidrosismikoa dela dio, eta, ondorioz, eurite handiek lur mugimenduak eragiten dituztela. Oso argi dauka meategi bat irekitzeak lur astinaldi gehiago sortuko lukeela. Dena den, legeari jarraikiz gero, eta naturarekiko errespetuz jokatuz gero, begi onez ikusten du. Haren ustez, eremuaren ikerketa zehatza eta egiazkoa egitea da gakoa. Horrek baino ez du ziurtatuko proiektu seguru eta bideragarria sortzea.

Otsailetik aurrera lurrikara asko izan dira Erreniega inguruan.

Bai, 300 eta 400 lurrikara inguru zenbatu ditugu. Eta oraindik ere lurrikara gehiago izaten ari dira. Dena den, ez da arduratzeko modukoa.

Diozunez, hidrosismikotasun handiko gunea da.

Urak eragin handia dauka lurrikaretan. Beriaingo faila mugitu egin da; gainera, eurite handiak izan dira. Hala, tentsio aldaketak izan dira. Faktore horien konbinazioak eragin ditu lurrikarak.

Potasas-eko fabrika zaharrak eragina dauka egungo lurrikaretan?

Noski, meatzaritzak eragina daukalako inguruan, baina zenbaterainoko erlazioa dagoen ez daki inork. Problema da lehengo meategien egoera ez dela ikertu, ez dakigula nola dauden. Gainera, ez dago ia daturik.

Eta ez al da arriskutsua eremua nola dagoen jakin gabe zulatzea?

Zulobideak gauza askotarako egiten dira: metro ibilbideak egiteko, tunelak eraikitzeko… Berez, horrek ez du inguruan ezegonkortasunik sortzen, ongi eginez gero. Baina ongi egiteko lurraren egoera ezagutu behar dute, aldez aurretik.

Eta behin ingurua aztertu ondoren, meatze berri bat irekitzea segurua litzateke?

Ingurua ongi ikertzea da gakoa. Ikerketak baino ezin du esan segurua den edo ez. Ezin da pentsatu meatzaritzan dauden enpresa guztiak zorigaiztokoak direnik, eta dena txikituko dutenik. Oreka lortu behar dugu ekologiaren eta garapenaren artean. Etekin ekonomikoak eman ahal baditu, eta natura zaintzen badu, ederki! Dena den, eremua aztertu beharko dute, eta meategiak izan ditzakeen ondorioak ere. Neurtu beharko dute eragin ditzaken ondorio negatiboak positiboak baino txikiagoak diren, eta horren arabera jokatu.

Eta Erreniegako inguruaren egoera nahikoa aztertu da egitasmoa bideragarria den jakiteko?

Ez, ez da aztertu, hori da kontua. Otsaileko lurrikaren ostean, Nafarroako Gobernuak agindu zuen Erreniegako ingurua aztertuko zuela, eta ez du aztertu. Ez dago dirurik errepideak eraikitzeko, eta, beraz, are gutxiago ikerkuntzarako. Ikerketa da beti azkena geratzen dena. Nafarroako Gobernua berean ari da; horrek dietak kobratu zituela eta beste horrek ere bai. Bitartean, gai pila bat landu gabe geratzen da. Patetikoa da gobernuaren jarrera.

Gobernuak ez badu ingurua aztertzen, enpresaren ikerketa baino ez da egongo.

Pozten naiz, behintzat, Geoalcalik zer edo zer aztertuko duelako ingurua. Zundatze lanak egitea primeran iruditzen zait, finean, lurraren egoera ezagutzeko balio du. Arazoa da enpresak emaitza baikorregia ematea. Jakin badakigu haiei komeni zaiela esatea proiektua bideragarri dela, eta eremua ezin hobeki dagoela. Ikerketa hori ezingo da beste azterketa batekin alderatu. Enpresakoek informazio independentea eskainiko dutela bermatu behar dute.

Orain arte, arazoak izan dira informazioarekin. Herritar askok salatu dute ez dakitela egitasmoari buruz deus.

Nafarroako Gobernuaren eta Geoalcaliren ardura da herria informatzea. Jendeak kontra egiten dio proiektuari lehengo meategien oroitzapen txarra duelako. Ordea, nik ez dut uste egungo meatoki bat orduko meatoki batekin konpara litekeenik. Hala ere, noski, jendeari ez badiozu esaten zer egitera zoazen ere, normala da mesfidati egotea. Bat-batean, makinak azaltzen dira herrietan, eta herritarrentzat sorpresa latza da. Argi eta garbi informatu behar dute; bestela, herria aurka azalduko da.