Motxila

Iraila hasiera honetan motxilero askok bidaia bukatutzat emango zuten honez gero. Batzuk ikasleak izango dira; beste batzuk lanean hasita egongo dira edo, apika, langabezian. Motxila bizkarrean harturik atzerrian ibiliko ziren herri eta kultur berriak ezagutuz lagunen konpainian. Bidaiari erromantikoak omen dira, motxila bakar bat ekipajetzat dutenak, gauza gutxi behar omen dutenak. Ez da, ba, gauza gutxi gaztetasuna edo sasoia, ilusioa eta jakin-mina, bizitzeko grina eta mundua deskubritzeko gogoa motxila bakar batean sartu ahal izatea. Erromesak dira Done Jakue bideko motxiladunak; aitzitik, joan zen urtean Nafarroako bidetik pasatu ziren ia 60.000 lagunen motxiletan zer ote zeramaten zailagoa da asmatzen.

Bestaldetik, zer ez ote zuten Londresera eramango Motxila 21ekoek haien motxiletan! Hogeita bat amets baino gehiagoz eta musikaz gain, indarra, berdintasunaren aldarrikapena, gizatasuna, pasioa eta esfortzua, besteak beste. Hodeietan omen daude, bihotza astinduz, batere pisatzen ez dieten motxilekin eta The Autistix taldeko lagun autistekin batera Getting Down In London bira arrakastatsuan.

Gertuago, Donostiako Emakumeen Elkarteak Motxila Gorriak dauzka emakumezkoek zein gizonezkoek lanean aukera berberak izan ditzaten, emakumeen integrazioa defendatu, babestu eta bultzatu ahal izateko, gizartea zein lan merkatua aldatzen lagunduz. Motxila Txikiak ere badira Legazpin, hiru, lau eta bost urteko haurren irakurzaletasuna sustatzeko Bularretik Mintzora kanpainako protagonistak direnak. Liburutegia, etxea eta eskola lotzeko ahaleginak daramatzaten Motxila Txikiak direnak.

Fernando Morillo idazle azpeitiarrak behin esan zuen istorioak maite zituela, txikitatik harrapatzen zituen istorio guztiak irakurtzen zituela eta bere motxilan abentura, misterioa eta jakin nahia zeramatzala hazi egin zela eta, horiei esker, onerako edo txarrerako, orain irakurlea, idazlea eta bidaiaria dela.

Gurera bueltatuz, Nafarroako maila guztietako ikasleek ikastola, ikastetxe, institutu edo unibertsitateko bide malkartsuei ekingo diete, are aldapatsuagoa dena bizkarrean eramaten dituzten motxilaren pisuari erreparatuz. Gaztetxo askok gainkargaren ondorioz bizkarreko mina omen daukate, larriagotzen dena eserita egoteko dituzten posturei esker. Motxila horietan zer ez ote lukete eraman beharko izango litzateke koska.

Eta, bukatze aldera, ba al dakizu zuk, irakurle, zer daramazun zure motxilan? Gure izeba batek, garaiko etsipenak beharturik, norberak baduela bere harria, bere gurutzearekin bizi egin behar dela zioen. Aldiz, Ryan Bingham (George Clooney) Up in the air (Eskalarik gabeko maitasuna) filmeko protagonistak motxila bati begira eman zuen mintzaldian zera esan zuen: motxilan daramatzagun gauza eta pertsonak toki edo egoera mugiezin batean iltzatzen bagaituzte karga direla, aurrera jotzen uzten ez diguten zama.

Begira diezaiogun, beraz, gure zakutoari eta aukera dezagun zer sartu eta zer atera.

Aizue, portzierto, Coromines filologo kataluniarren arabera, motxila hitzak euskal jatorria du: ‘mutil’ hitzetik omen dator.