Bi hilabete eskas igaro dira ofizialki Burlatako Gaztelekua abian jarri zutenetik. Herrian halako azpiegitura baten beharra zegoela jakinarazi du Maria Diaz de Radak, Burlatako Udaleko Gazteria saileko teknikariak (Iruñea, 1985). Oraindik martxa hartzen ari diren arren, pozik agertu da Diaz de Rada zerbitzuak izan duen harrerarekin. Oraingoz, arratsaldez soilik dago irekita, nahiz eta aztertzen ari diren ordutegi berriak dituzten baliabideekin posible diren.
Ia bi hilabete dira Burlatako Gaztelekua abian jarri zenutenetik. Zer balorazio egiten duzue?
Gaztelekua udan jarri dugunez, martxa balorazio bikoitza egin daiteke. Izan ere, lanean udan hasi garenez, erritmo lasaiagoz hartu ahal izan diogu neurria zereginari. Bestalde, uda amaitzear dela, ohartu gara zerbitzua erabiltzen duten erabiltzaile kopurua handitu egin dela. Gaztelekua martxan zela jakinarazteko kanpaina bat jarri genuen abian, eta, horrez gain, aurkezpen bat ere egin genuen. Balorazioa, lehen esan bezala, oso positiboa da. Hastea beti izaten da zaila, baina forma hartzen ari dela esan daiteke. Izan ere, gero eta gazte gehiago ari da etortzen informazio eskatzeko eta ekintzak proposatzeko.
Azkenaldian gazteak deabrutzeko joera izan da. Horren eraginik atzeman duzue?
Inolako zalantzarik gabe, joera horren eraginak atzematen dira gazteengan, eta sarritan iduri du apokalipsiaren edo munduaren akaberaren atarian gaudela. Hala ere, mezu horiek alde batera utzita, argi utzi behar da norberak jakin behar duela zein gaitasun dituen eta zer erdietsi dezakeen. Nork bere burua ezagutu behar du zer egiteko gai den jakiteko. Sarritan, geure burua ez dugu ezagutzen, eta horrek etsipena eta gogo falta sortzen ditu. Gure xedea gazteak aktibatzea da, hori gertatu dadin babesa ematen diegu. Horregatik, Burlatako gazteen lokaletan izan gara gure proiektuaren berri emateko.
Nolako harrera izan zenuten?
Egia esan, oso ona. Burlatako gazteen lokaletan bisitak egin ditugu, eta ohartu gara lokaletako kideak euren artean harreman handia dutela. Ikusten da badela jendea gogo asko duena gauzak egiteko baina gogo hori nola bideratu ez dakiena. Horregatik, gu adi egoten saiatzen gara zerbait egin nahi duten gazteei laguntzeko. Lehenengo hartu-eman hori mantentzea gustatuko litzaiguke, baina zaila izango dela iruditzen zait. Batez ere, ditugun baliabideak mugatuak direlako, baina asmoa hor dago, eta ez dugu baztertuta utziko.
Esan liteke gaztelekua gazteen jakin-nahia sustatzeko tokia dela?
Nik uste hori dela gure helburu nagusia eta beharrezkoa. Bada adin bat gauzak probatu eta esperimentatzeko irrika izaten dena. Guk irrika horrekin bat egin nahi dugu eskura ditugun azpiegituren bidez. Izan ere, gaztelekuak aukera asko eskaintzen ditu, musika taldeentzako probasaio gelak, sukaldea, argazkiak errebelatzeko aretoa…
Gaztelekuko arauak horren zehaztuta egoteak gazteak erakartzeko oztopoa izan daitekeela uste duzu?
Zenbait adinetan mugak jartzea ezinbestekoa da. Baina nori ez zaio gustatzen norberak beste hogei lagunekin batera erabakitako arauak dituen espazio bat izatea? Nire ustez, denbora librea kudeatzeko modu ezberdinak daude, eta moduak ez dira kontrajarriak. Askoz zailagoa da udal zerbitzu batean egotea bestelako gune batzuetan ez dauden mugak dituelako. Nik uste, sarritan, adingabeek batez ere, intimitatea da nahi dutena. Izan ere, askotan gazteei iruditzen zaie helduek debekatu eta zapaldu soilik egiten dutela. Guk gazteak gaztelekuan eroso eta aske sentitzea nahi dugu. Gainera, garrantzia handia ematen diogu konfiantzazko harremanak eratzeari. Gune aproposa izan daiteke gazte batek une batean dituen arazoak atzeman eta horiei aurre egiten laguntzeko.