Ekonomiari buruz, azken urteotan behera egin duela baina azken hilabeteetan beherakada hori moteltzen ari dela agertu da egunotan albiste gisa. Barne produktu gordina adierazleari buruz ari dira, noski, hori baliatzen delarik lurralde bateko ekonomiaren egoera aztertzeko. Baina, zer da ekonomiaren gainbehera, edo hazkundea?
“Inflexio puntuan” omen gaude, eta orain “ekonomiaren suspertzea” etorriko omen da. “Baina horrek ez du eragin, ‘oraindik’ langabezia tasan”. Eta guk galdetzen dugu: Oraindik? Akaso BPGren igoerak langabezia gutituko duelakoan al gaude? Krisia erraten dioten hori hasi zenetik, soldatarik gabekoen kopurua hazi eta soldatapekoen irabaziak gutitu dira, eta ez ote da hori izanen “ekonomia” suspertzearen arrazoietako bat?
Guk ere galdera birmoldatu behar genuke: Ekonomia hazten ari bada, horrek nola eragiten digu guri, herritarroi? Erantzuna badakigu, ez? Ekonomia-krisitik atera edo gaindituko bada ere, gizarte-krisiak larriagotzen segituko duelakoan gaude.
Hona hemen ekonomia ikasgaian batere aditua ez den honek egiten duen hausnarketa xumea. Institutu garaiko azken urteetan lehen aldiz ezagutu genuenetik arbuiatu izan dugu ekonomia (ikasgai moduan, albisteetan, egunkarietako orrialdeetan…), eta geroztik, ezer guti jakin nahi izan dugu honetaz. “Ekonomia” ikasgaiari eranstea falta zaion “kapitalista” zehaztapenarengatik izanen da? Ez pentsa politikoki egindako hautua izan zenik, e! Garai hartan ideologia politiko aski murritza genuen. Ez, berezkoak, edo senak, agindutako arbuiatzea izan da. Ekonomia modu hori guretzat, herritarrontzat, arrotza eta suntsitzailea zaigulako. Eta hala ulertzen ez dugun bitartean, ezin izanen dugu bertzelako molderik asmatu, haren atzaparretatik askatu.
Ekonomia, herritarron arteko harremanak (euskaraz ezin hobe adierazten da: hartu-emanak) ahalbidetzeko edo bideratzeko tresna izatetik, helburu bilakatu den honetan, ekonomia-adierazleek nahasi egiten gaituzte. Begira dezagun ingurura beraz, errepara0 diezaiogun auzoari, karrikan topatzen dugunari, plazan aditzen dugunari, eta ia ikusten dugun ekonomia hazten ari ote den edo ez. Eta bidenabar, ia asmatzen dugun gure etxean, gure auzoan, zer egin dezakegun zinez ekonomia (gure arteko hartu-emanak) suspertzeko.