Lodosako txakurrentzako aterpea itxi egingo dute datozen asteotan

SOS Ribera Canina taldeak Lodosan duen txakurrentzako aterpea itxiko du hurrengo asteetan. Proiektua bertan behera geldituko da aurrekontu eta boluntario faltagatik. Aterpea Lodosako hiltegi zaharrean dago kokatua. Itxi baino lehen, oraindik bertan dituzten txakurrei etxea lortu nahi diete.

Duela bi urte hasi zuen eskualdeko gazte talde batek txakur aterpearen proiektua. Lodosako Udalak hiltegi zaharra utzi zien euren proiekturako. Bi urte hauetan 200 txakur baino gehiagorentzat lortu dute etxea.

Ixteko arrazoiak

Proiektua hasi zuten zazpi gazteetatik hiruk baino ez dute jarraitzen lanean. Aterpearekin jarraitzen dutenek ez dute gaitasunik zeregin guztiak betetzeko. Aterpeak ordu asko eskatzen baititu eta ez dira heltzen. Momentu honetan, euren ardurapean dituzten txakurrentzat behin behineko etxe bat lortu nahi diete. Aterpeko kideak txakurren gastuez arduratuko dira, norbaitek adoptatu arte. Horregatik herritarren laguntza eskatu dute, eta informazio gehiago nahi duenarentzat 661 862 144 telefono zenbakia zabaldu dute.

Txakurrei etxea lortu ostean, lanean jarraitzeko intentzioa dute SOS Ribera Caninakoek. Nahiz eta hemendik aurrera ez duten egoitzarik izango.