Nasuvinsa enpresa publikoak eraikiko du salestarren lanbide eskola

Nasuvinsa, Nafarroako lurralde eta hirigintza garapenerako enpresa publikoak egingo du salestarrek Sarrigurenen izan nahi duten lanbide eskola berria. Ordainetan, salestarrek Iruñeko erdialdean duten eskolaren orubea emango diote gobernuari. Yolanda Barcinak, Nafarroako presidenteak, esandakoaren arabera lanak heldu den urtarrilean hasiko dira. Lanek 55 milioi euro inguruko kostua izango dute, den dena Nasuvinsaren kontura.

Horretaz gain, 2012an Iruñeko exekutiboak dirua lortzeko bereak ziren hainbat higiezin enkante publikoan jarri zituen. Baina enkanteak ez zuen espero zuten arrakastarik izan. Ondorioz, gobernuak higiezin horiek Nasuvinsari saldu zizkion 20,6 milioi euroren truke. Modu horretan, administrazioak bere egoera ekonomikoa apur bat hobetzea lortu zuen, ez ordea enpresa publikoarena. Izan ere, Nasuvinsaren egoera ekonomikoa, herrialdeko enpresa publikoen artean, onena bada ere, bere irabaziak asko jaitsi dira azken urtean. Duela bi urte izan zituen 20,5 milioi euroko irabaziak, iaz 2,8 milioi eurora jaitsi ziren. Diru sarreren jaitsiera dela eta, lan erregulazio espedientea prestatzen ari da gobernua.

Politikarien erreakzioak

Aralar-NaBaik, Ezkerrak, Geroa Baik eta PPk gobernuari informazioa eskatuko diote Sarrigurengo eskola eraikitzeko proiektuaren inguruan. Horren harira, Txentxo Jimenezek, Aralar-NaBaiko parlamentariak, uste du operazio guzti horrek eskola pribatu bati diru publikoa emateko “trikimailua” besterik ez dela. Gainera, Jimenezen aburuz, “oso zaila edo ia ezinezkoa izango da egindako inbertsioa berreskuratzea salestarren orubean luxuzko etxebizitzak salduz”.