Azkenaldian, Iruñerriko Mankomunitateak bi ateraldi xelebre izan ditu, bat garraio publikoaren zulo beltza estaltzeko zerga berri bati buruzkoa eta bertzea hondakinen bilketan borzgarren edukiontzia ezartzearen ingurukoa. Lehenbizikoak oihartzun eskasa izan zuen —gehiegi hausnartu gabeko bat-bateko ideia izan zelako, akaso—, eta ikusteko dago bigarrenak zer erantzun dakarren.
Billabesena. Garai batean, Cotup izeneko kooperatibak kudeatzen zuen Iruñerriko Billabesen garraioa. Gero, La Montañesa bertako enpresak irentsi zuen kooperatiba; baina segituan azken hori Veolia enpresa frantsesak fagozitatu zuen. Azken lehiaketan, TCC kataluniarrek kendu zieten frantsesei gure garraioaren kudeaketa. Eta bide malkartsu horretan, Iruñerriko garraio publikoa putzu ekonomiko sakon eta ilun batean hondoratu da. Apirilean, Nafarroako Gobernuak erran zuen ez zuela zuloa estaltzeko diru gehiago jarriko, eta Mankomunitatekoek adierazi zuten garraioaren gaineko zerga berri bat ezartzea aztertzen ari zirela.
Iruñerriko etxe bakoitzak 10 euro urtean. Horixe izan zen burutik pasatu omen zitzaien lehenbiziko zenbakia. Egia da Mankomunitateko arduradunek aipatu zutela zerga hori, ezartzekotan, “oso ongi” aztertu nahi dutela. Baina egia da, era berean, aipatu izan zen zifra bakarra 10 eurokoa izan zela. Egunero lanera bizikletan doan baina billabesa sekula hartzen ez duen bi seme-alaben amak, hamar euro. Ogia erostera ere autoan doan eta billabesa sekula hartzen ez duen mutilzaharrak, hamar euro. Zerga orekatua, ezta?
Borzgarrena. Abuztuan jakin genuen Mankomunitateak azaroan hasiko dituela Iruñerri osoan borzgarren edukiontzia ezartzeko lanak. Barañainen hasiko dira. Badakizue, orain lau edukiontzi ditugu: lehenbizikoan ontziak, metalak eta plastikoak bota behar ditugu; bigarrenean, beira; hirugarrenean, papera eta kartoia; eta laugarrenean, materia organikoa eta gainerakoa (errefusa). Sistema hori dela eta, apenas birziklatzen den materia organikorik, gauza askorekin nahasita biltzen baita. Konparazio batera, 2012an, jasotako materia organikoaren %18,3 berreskuratzea lortu zuten.
Europak behartuta, Mankomunitateak jasotako organikoaren %50 berreskuratu nahi du, eta hartara ezarriko du borzgarren edukiontzia, ontzi horretan bakarrik materia organikoa biltzeko. Eta gauza polita litzateke, zinez ederra, baldin eta amarrua ez balu: Mankomunitateak ez ditu herritarrak borzgarren edukiontzi hori erabiltzera behartuko. Mankomunitatearen asmoekin bat egiten duten herritar engaiatuei (engainatuei?) giltza emanen diete, eta beraiek bakarrik erabiliko dute borzgarrena. Gainerakoek lasai asko segitu ahal izanen dute ontzi berean elkartzen materia organikoa eta sudur puntan jartzen zaien edozer gauza. Gauzak ongi ala izugarri gaizki egin, denok berdin-berdin ordainduko dugu, Mankomunitateak ez baitu aurreikusten diru sariak ematea edo isunak jartzea. Sistema orekatua, ezta?