Donapeako lurren jabetza gobernuaren esku utzi du Iruñeko Udalak itun bidez

Iruñeko Udalak Donapeako institutuko orubearen jabetzari uko egin dio Nafarroako Gobernuarekin sinatu duen hitzarmenean. Ondorioz, Nafarroako Gobernua da orubearen jabea, eta Ikerkuntza Mediko Aplikaturako Fundazioari saltzeko asmoa du. Fundazioa Nafarroako Unibertsitateak sortua da, eta Nafarroako campusean hiru ikerketa zentro eraikiko dituzte. Horrela adostu baitzuten gobernuak, unibertsitateak eta fundazioak 2011n sinatutako protokolo batean.

Asteartean adostutako hitzarmenaren arabera, gobernuak udalari Etxabakoitzen duen orube bat emango dio, Donapeako lurren ordainetan. Eta udalak Lanbide Heziketako campus bat eraikiko du. Hitzarmena oposizioko talde gehienek kritikatu dute. Euren ustez, baliabide publikoak erabiltzen ari dira erakunde pribatu baten alde egiteko, kasu honetan Nafarroako Unibertsitatearen alde.

Oposizioaren kritikak

Donapeako proiektua aspalditik dago Nafarroako politikarien agendan. Udaleko zein parlamentuko oposizioko talderik gehienak operazioaren aurka agertu dira hasieratik. PSNk, ordea, jarrera aldakorra izan du azken hilabeteetan.

Iruñeko Udaleko Nafarroa Baik salatu du Donapeako hitzarmenarekin Iruñea ondarea galtzen ari dela. Gogoratu dute hitzarmena udalbatzak baztertutako hirigintza planaren aldaketa batean oinarrituta dagoela.Gainera, NaBairen iritziz, hitzarmena ez da ona Iruñearentzat, ezta Nafarroarentzat ere. PSNk izan duen jarreraren harira, Uxue Barkosen alderdiak uste du PSNren ahuldadea agerian gelditu dela Donapeako eta bestelako proiektuetan izan duen jarrera aldakorra dela eta.

Bilduk ere hitzarmena kritikatu du. Euren ustez, gobernuak alor publikoan murrizketak egiten dituen bitartean, entitate pribatu bati lurrak eta eraikinak “oparitzen” ari da. Horri aurre egiteko, lanean jarraituko duela esan du Bilduk, “UPNren kudeaketa ereduaren ondorio negargarriak amaitzeko eta alternatiban oinarritutako aldaketa lortzeko”.

Aralarrek, berriz, esan du Donapeako proiektua “trikimailu juridiko” bat baino ez dela izan. UPNren politika ondasun publikoaren eta lanbide hezkuntza publikoaren kontra doala uste du.

LAB sindikatuaren aburuz, “hitzarmenak UPNren hezkuntza politika agerian uzten du”. Sindikatuaren ustez, hezkuntza sistema publikoa deuseztatu, hezkuntza katolikoa ezarri eta hezkuntza sistema bereizia bultzatu nahi du UPNk.