Ez dira asko, baina bai nahikoak. Duela zenbait urte ixtekotan izan ziren, baina aurrera jarraitzeko moduan izan ziren. Hemeretzi ikaslek ikasten dute egun Arraiozko eskolan. Ikastetxe berezia da, landa eremuan dagoelako. Baztanen, Zugarramurdin eta Urdazubin dauden hamaika eskola txikietako bat da, hortaz, Arraiozkoa.
Bi ikasgela besterik ez daude. Junkal Iparragirre aritzen da 3 eta 6 urte arteko ikasleekin eskolaren egoitzaren goiko solairuan irakasle lanetan. Zuzendaria ere bada. Behekoan, berriz, Miren Goñi aritzen da Lehen Hezkuntzakoekin. Igandean, Urdazubi, Zugarramurdi eta Baztango herrietako eskolen festaren ospatuko dute seigarren aldiz Arraiozen bertan.
09:30ean hasten dute jarduna Arraiozko eskolako haurrek. Iparragirrek goxo egiten die harrera haurrei. Aurten 3 urteko bost ikasle berrik hasi dute ikasturtea; tartean, Igor eta Uxue anai-arreba bikiek. Oraindik negarti dabiltza, baina irakasleak laster goxatzen ditu. Hamahiru urte daramatza Arraiozko eskolan lanean Iparragirrek, eta agerikoa da denbora horretan pilatu duen esperientzia. Datozen urteetarako eskolaren iraupena ziurtatuta dagoela jakinarazi du pozik, herrian haurrak jaiotzen ari direlako.
Iparragirreren gelan 3 eta 6 urte bitarteko haurrek ikasten dute. Guztiak gela berean. Hiri handietako eskoletako ereduarekin alderatuta, oso ezberdina da. Adin aniztasunari onura asko ikusten dizkio Arraiozko eskolako zuzendariak. “Adin ezberdinak gela berean izatea abantaila handia da, eta hagitz egoera aberatsa da. Gehienetan, handiak eredu arrunt onak dira txikientzat, elkar imitatzen dutelako”.
Hezkuntza aldetik ona den arren, noiz edo noiz zailtasunen bat ere sortzen da beste ikastetxeetan bezala. Izan ere, handiek beren handitasuna baliatzen dute txikiak mendean hartzeko. Hala ere, irakasleak, joera horren jakitun, ez ditu ikasleak bistatik galtzen.
Lehen Hezkuntzako gela eskolaren beheko solairuan dago. Duela lau urtetik hona, Goñi da irakaslea. Ikasgela bakarra duten arren, kurtso bakoitzak bere txokoa du. Azkar batean egiten du salto Goñik lehenengo mailan daudenei geometriaren inguruko zalantza bat argitzetik batuketak nola egin behar diren esplikatzera. Bera ere, eskola txiki batean ikasitakoa da, Oronozko eskolan ikasi baitzuen.
Eskolen arteko elkarlana
Hamabi urte betetzean, eskualdeko eskola txikietako haurrak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ikastera Lekarozko institutura joaten dira. Gainontzeko eskoletako ikasleekin harremanak sendotzeko asmoz, asteazkenero 6 urtetik gorako ikasleak Iruritako erreboteko eskolan izaten dira, ingelesa, gorputz hezkuntza eta musika lantzeko. “Iruritan elkartzen dira hamar eskoletako lehenengo mailatik seigarren mailako ikasleak. Arrunt antolatua dago eta arrunt esperientzia aberasgarria da”. Adin bereko hogei bat ikasle izaten dira gela bakoitzeko Iruritako eskolako saioetan.
Asteazkenak profitatzen dituzte eskualdeko ikasleen arteko harremanak sendotzeko. Horrez gain, irakasleak astero biltzen dira, besteak beste, ingurumenarekin lotutako gaiak proiektuen bidez lantzeko. Hala ere, hartu-eman horietan gurasoen artekoak indartzea falta zela ohartu ziren.
Horregatik, duela sei urte Baztan, Zugarramurdi eta Urdazubiko eskolen festa antolatzen hasi ziren. “Irakasleak, haurrak, gurasoak denak batera egoteko modua da”, dio Iparragirrek. Amaiur, Zugarramurdi, Irurita, Oronoz eta Erratzuren ondotik iritsi da Arraiozen garaia. Beste behin, igandean, txiki izatearen handitasuna aldarrikatuko dute.