“Duela 150 urtera arte, nekazari guztiak ziren ekologikoak”

Nekazaritza iraunkorraren aldeko apustua egin zuten Aroa upategian 1998. urtean. Modu horretan ekoizten dute euren ardo ekologikoa. Deierriko Zurukoain herrian dago upategia, eta lau lagunen artean kudeatzen dute. Haien helburua Deierriko lurraren eta klimaren ezaugarriak dituen ardo bat egitea da. “Klima eta lurra dira gure lanerako oinarrizko elementuak”, dio Txus Macias Aroa upategiko kideak (Iruñea, 1961). Duela hamabost urte, ardoaren merkatuan lehia handia zegoen. Aroako kideek merkatuan toki bat lortu nahi baldin bazuten zerbait berezia eskaini behar zutela pentsatu zuten. Horregatik hartu zuten ardo ekologikoa egiteko erabakia. “Duela 150 urtera arte, nekazari guztiek modu ekologikoan ekoizten zituzten euren produktuak”. Deierrin, I. mendean hasi ziren erromatarrak ardoa egiten. Erromatarrek utzitako ondare hori XXI. mendera ekarri nahi dute Aroa upategiko kideek.

“Tokiko profila eta ezaugarriak dituen ardoa lortu nahi dugu”, azaldu du Maciasek. Haren helburua da Deierrin, ez beste inon, egin daitekeen ardoa egitea. “Batzuei gehiago eta besteei gutxiago gustatuko zaie, baina guk ziurtatu nahi dugu ardo hauek bereziak direla”. Hori lortzeko, naturarekin bat eginda lan egiten dute. “Natura ez da gelditzen, bere zikloak ditu. Horiek nola funtzionatzen duten ikastea eta naturaren erritmoetara ohitzea zaila da, eta denbora eskatzen du. Baina ikasketa prozesu horrek guztiak emaitzak ematen ditu”.

Maciasek gogoratzen du duela 150 urtera arte nekazari guztiek horrela lan egiten zutela. Gainera, eraginkorrak izateko beharra zuten. “Herri, bailara eta eskualdeetako biztanleen bizi-baldintzak hobetu edo okertu egiten ziren, urteko uztaren arabera”. Gainera, nekazariek bazekiten baliabide horiek mugatuak zirela eta tentuz erabiltzen ez bazituzten horiek gabe gelditu zitezkeela.

Upategi bat baino gehiago

Upategiko kideek 11 mahasti dituzte, orotara hogei hektarea inguru. Bertan, 100-120 mila litro mahats ekoizten dituzte urtero. 2010ean inauguratu zuten azken upategia, baina proiektua askoz lehenago hasi zuten. Duela hamabost urte hasi ziren ardo ekologikoarekin lanean, eta 2001ean lehen ardoa merkaturatu zuten.

Bost mahats motarekin lan egiten dute: zuria, beltza, Tempranillo, Merlot eta Caverne. Ardo beltzen kasuan, gaztea, ondua eta erreserbakoa ekoizten dituzte, eta, horrez gain, zuriak eta gorriak. Azken horrekin Nafarroako ardo onenaren saria jaso izan dute. “Ardo gorriarekin beti ibiltzen gara lehen hiruren artean”, azaldu du Maciasek.

Upategia lau lagunen artean kudeatzen badute ere, garaiaren arabera langile gehiago behar izaten dituzte. “Nekazaritza ekologikoak eskatzen du mahastietan egunero lan egitea, batzuetan jende gehiago eta bestetan gutxiago, baina beti dago egiteko zerbait”. Mahats bilketaren garaian biltzen da langile gehien, 30 bat lagun.

Aroa upategietan, ardoa ekoizteaz aparte, gauza gehiago egiten dituzte. Besteak beste, Enoturismoa bultzatzea garrantzitsua dela uste du Maciasek. “Gure aburuz, garrantzitsua da jendeak gure lana gertutik ezagutzea”. Horregatik, upategira bisita gidatuak egiten dituzte, eta jatetxea ere badute. Horrez gain, zenbait ekinaldi antolatzen dituzte urtean, hala nola mahastiaren loratze jaia.

Berrikuntzaren bidean ere ari dira. “Ez da soilik zer egiten den, gauzak nola egiten diren, horrek ere garrantzi handia du guretzat”. Ahal duten energia gasturik txikiena egiten saiatzen dira. Haien aburuz nekazaritza ekologikoa “pestizidak, indartzaileak eta elementu kimikoak” ez erabiltzea baino gehiago delako. Horren bila, Ikerketa Garapena eta Berrikuntza jorratzen ari dira bi proiektutan. Alde batetik, euren mahastietako mahatsondoek dituzten legamiak beste mahasti batzuetan dituztenekin konparatzen ari dira, inguruko mahastietan errepikatzen diren legamiak identifikatzeko. Legami komunak behin identifikatuta, legami horiek dituzten mahatsondoak lehenetsiko dituzte: “Deierriko berezkoak diren aldaerekin lan egin nahi dugulako”.

Beste alde batetik, karbono igorpenak neutralizatzeko lanean aitzindariak direla dio Maciasek. “Gai hori ikertzen 1994. urtean hasi ginen, eta Zeelanda Berrira arte jo behar izan genuen informazio bila”. Eskura dituzten baliabide naturalak ahal bezain beste erabiltzen dituzte. Besteak beste, euriaren ura baliatzen dute, biomasa bidez girotzen dute tenperatura, upategia ipar-hego norabidean eraikia dago eguzkiaren argia aprobetxatzeko eta upategia lur azpian eraiki dute energia artifizialik ez erabiltzeko.

Aroa upategian nekazaritza ekologikoa erabiliz Deierriko berezko ardoa lortu nahi dute, eta ingurumenarekiko ere konpromiso argi bat dute. Etorkizunak zer ekarriko duen inoiz ez dago argi, baina Aroan bidea nola egin argi dute. Emaitzak oraingoz alde dituzte.