Gorreriaren inguruko gaietan aditua da Jose Zubikarai (Bilbo, 1960). 1999an Nafarroako Ospitale Guneko Gorreria Goiz Detektatzeko Zerbitzua sortu zuen, hainbat aditurekin batera. Belarria entzuteko atal bat izateaz gain, sentimenduak eragiteko baliabidea ere badela aldarrikatu du. Gorreria zenbat eta lehenago detektatu tratamendua orduan eta eraginkorragoa izaten dela jakinarazi du. Orain arte, haur gorrek behar dituzten kokleako inplante edota audifonoak paratzeko prozesuen kostuak Osasunbideak hartu izan ditu bere gain, eta halaxe jarraitu behar duela ohartarazi du.
Hamar urte baino gehiago dira Haurren Gorreria Detektatzeko Zerbitzua martxan jarri zela. Zer balorazio egiten duzu?
Nik uste dut behar beharrezkoa zela zerbitzu hori. Izan ere, gorreriaren arazorik handiena da azterketa baten bitartez ezin dela jakin gorra den ala ez. Normalean, hiru hilabeteko haur batek soinuak eraginda erreakzionatzeko, soinuak oso indartsua izan behar du. Oso zaila da entzumen arazoren bat duen esatea. Programa martxan jarri baino lehen, entzumen defizit moderatua zutenei 5 edo 6 urte arte ez zitzaien diagnostikatzen, eta erabat gorrak zirenei, 3 urterekin. Arazoa da askotan gurasoak ez direla ohartzen haurrak duen urritasunaz, ez duelako adierazpen fisikorik izaten.
Nola ohartzen dira gurasoak haurraren urritasunaz?
Ohartzen dira haurrak hizketan hasi behar dutenean ez direla hasten. Horrekin pizten dira gurasoen alarmak. Hala ere, jaio ordurako egiten dizkiegu azterketak, alarma beranduegi piztu ez dadin eta guztia eraginkorragoa izan dadin.
Haurra jaio eta gutxira gorreria detektatzeko modurik bada?
Bai badago aukera hori. Sintomatologiarik ez dagoenez, guk Gorreria Goiz Detektatzeko Zerbitzuko protokoloa jartzen dugu abian. Jaio eta hiru egunera proba bat egiten diegu. Horren bitartez jakiten dugu jaioberriak ondo entzuten duen ala ez. Hala ere, orduan ezin da erabat jakin gaizki entzuten ari den. Proba hori egiten dutenen haurren %4k ez dute gainditzen. Baina, horrek ez du esan nahi gorrak direnik. Hilabetera berriz proba bera egiten dugu. Orduan ere ez badute gainditzen, hirugarren proba egiten diegu haurrak sei hilabete dituenean. %1ek soilik ez du gainditzen azkeneko test hori.
Haurrak entzumen arazoak dituenean, zein izaten da eman beharreko hurrengo pausoa?
Haurraren gorreria maila dakigunean, proba gehiago egiten ditugu, kausa zein den jakiteko. Orotara, bi gorreria mota daude: transmisio gorreria eta gorreria neurosentsoriala. Transmisio gorreria kanpoko belarriari edo erdikoari dagokiona. Teorikoki kasu horrek tratamendu medikua edo kirurgikoa dauka. Bigarren kasuan, gorreria neurosentsorialak koklean edota nerbioan du sorburua. Kasu horretan ez dago tratamendu kirurgikorik. Baina, mailaren arabera, bi aukera daude: audifono bat jartzea, edo gorreria sakona bada, kokleako inplantea jartzea. Hori, hala ere, tratamenduaren zati bat da. Izan ere, alorrik garrantzitsuena entzumenaren estimulazioa da. Diagnostikoa ziurra denean, haurrak hiru edo lau hilabete inguru dituenean, hasten gara entzumena estimulatzen. Gainera, sei hilabeterako audifonoak jarrita izaten dituzte, eta gorreria sakona bada, urtebeterako kokleako inplanteak jarri egiten dira.
Beste espezialista batzuekin elkarlanean aritzen zarete?
Horrela da.Tratamendua hasten denean, logopedia estimulazioa jasotzen dute haurrek. Baina ez bakarrik logopediaren ikuspun- tutik. Izan ere, gorreria arazoak dituzten haurrek beste arazo ba- tzuk ere izaten dituzte, eta hori ere lantzen dugu. Kontuan izan behar da entzumena ez dela bakarrik entzun eta hitz egiteko, sentimenduak ere eragiten ditu. Gure sentimenduak entzumenarekin lotuta daude, eta baita hormona deskargak edota pentsamenduak ere. Abesti bat entzutean sentimenduak sortzen dira, eta horren araberako erreakzioak sortzen dira gorputzean; hori da haur gorrek intrepretatzen ez dakitena.