“Euskaraz bizitzeko erabakiaren lasterketa urte osokoa izatea nahi dugu”

Euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatuko dute bihar, Iruñeko Alde Zaharrean Euskararen Gizarte Kontseiluak antolatuta, bigarren urtez egingo den herri lasterketan. Gorka Iriarte EHE Euskal Herrian Euskarazeko kidea da 16 urte zituenetik (Iruñea, 1981). Iruñerriko euskalgintzako beste hainbat eragiletako kideekin batera, lasterketa antolatzen dabil buru-belarri. Euskararen aldeko hautua egin dutenei lasterketan parte hartzeko deia egin die Iriartek.

‘Euskaraz bizi nahi dut’ ekinaldiaren barnean herri lasterketa antolatu duzue biharko.

Bigarren aldia da Iruñean halako herri lasterketa antolatzen duguna. Iaz, Euskal Herriko hiri eta herrietan Euskaraz bizi nahi dut ekinaldiaren baitan lasterketak egin ziren. Iruñeko kasuan arrakastatsua izan zen, gure iritziz. Euskaraz bizitzeko hautua indartu nahi dutenen lasterketa izango da. Hala ere, nahiko topikoa dirudien arren, euskaraz bizitzeko erabakiaren lasterketa urte osokoa izatea nahi dugu.

Nafarroako Gobernuak euskararen inguruan duen politikak normalizazio prozesuan oztopo direla salatu izan duzue euskalgintzako kideek.

Hala da. Euskararen normalizazio prozesua ahalik eta hobekien gauzatzeko hamaika arazo pairatzen ditugu. Euskal Herrian eta kasu honetan Nafarroan, euskaraz bizitzeko eta aldaketa horiek guztiak egiteko eraldaketa politikoa, juridikoa eta soziala ezinbestekoak dira. Euskaldunok aktibatu egin behar dugu, euskaraz bizitzeko hautua harrotasunez egin dezagun. .

Azken astean euskararen aurkako iritzi artikulu bat publikatu da egunkari batean. Zer iritzi duzu halako adierazpenen inguruan?

Halako adierazpenak ezjakintasunak eta ezagutza faltak eragiten dituzte. Euskararen normalizazioaren eremuan egiten ditugun urratsak egin behar diren tokian egin behar ditugula esango nuke. Zenbait jendek horren aurka jardun nahi du, eta tresna asko dituzte horretarako; tartean, hizkuntza politika. Guk gureari eutsi behar diogu, euskaraz bizitzeko hautua indartuz, euskara erakargarri eginez eta garena kalean erautsiz. Horrela euskaraz bizitzeko eta euskaldun izateko bidea urratuko dugu. Hain justu, horretara heltzeko helburua erdiesteko pauso gisa ulertzen dugu biharko lasterketa.

Lasterketan parte hartu nahi dutenek zer egin behar dute?

Denera, bi lasterketa izango dira, bat helduentzat eta bestea haurrentzat. Izena emateko bi aukera daude: Internetez www.euskarazbizinahidut.org webgunean edo San Frantzisko plazan larunbatean bertan. Helduen lasterketa 11:30ean hasiko da. San Frantzisko plazatik abiatuko dira Baratxurien plazara Arrotxapera jaisteko. Ondoren, Argaren bidetik Zumalakarregi etorbidera joan eta Nabarreria plazatik San Frantzisko plazara itzuliko dira berriz korrikalariak. Orotara, ibilbideak bost kilometro inguru izango ditu. Haurren kasuan, aurten oraindik ez dakigu non egingo duten lasterketa. Iaz, esaterako, Jarauta kalean bueltatxo bat egin zuten korrika, aurten ere ibilbidea oso antzekoa izango dela uste dut.

Iruñeko Udalak zer-nolako jarrera hartu du lasterketaren harira?

Iragan urtean bezala, aurten ere baimenak eman dizkigute, baina logistika aldetik ez dugu laguntza handirik jaso. Horregatik, iazko eskema hartuko dugu kontuan. Iruñean biltzen garen Euskalgintzako Bilgunea deitu genuen. Sei erakundek osatzen dugu, AEK-k, IKAk, Sortzen-Ikasbatuaz-ek, Nafarroako Ikastolen Elkarteak, EHEk eta Karrikirik. Denera, 50-60 lagun inguru ariko gara lanean. Batzuk kamisetak saltzen, beste batzuk ibilbidea nondik den markatzen ibiliko gara… Gainera, San Fermin Txiki denez asteburu honetan, jaia ahalik eta gutxien oztopatzen saiatuko gara.