Urritasun ikusezina deitzen zaio sarritan gorreriari, batez ere zaila delako pertsona bat begi bistaz bakarrik gorra den ala ez ebaztea. Hala ere, urritasun hori ahalik eta goizen antzemateko programa bat dago abian Osasunbideko Nafarroako Ospitale Gunean 1999. urtetik. Izan ere, zenbat eta lehenago antzeman haur batek entzumen arazoak dituela, orduan eta lehenago hasiko da urritasun horri aurre egiteko tratamendua. Askotan hitz egiten ere ikasten dute haurrek, gurasoek eta profesionalek elkarlanean egindako lanari esker.
Gorrak gizarteratzeko, lan handia egin du Eunate Entzumen Urritasuna duten Senideen Nafarroako Elkarteak 1999. urtetik. Hain justu, bihar da Gorren Nazioarteko Eguna. Gorren errehabilitazioan sinesten dute. Horretarako, besteak beste, logopedia zerbitzua dute. Goizean 3 urte baino gutxiago dituzten haurrak joaten dira elkarteak Iruñeko Donibane auzoan duen egoitzara; arratsaldean, berriz, 3 urte baino gehiago dituztenen txanda izaten da.
Guraso askori medikuak haurra gorra dela jakinarazten dietenean, dozenaka galdera sortzen zaizkie. Galdera horien erantzunen bila jotzen dute askok eta askok Eunatera. Hala egin zuen esaterako, Ignacio Toñi egun elkarteko idazkari denak ere. Bikiak diren Martin eta Ainhoa seme-alaben aita da. Behar baino lehen jaio ziren haurrak, eta aitortu duenez, ziurtzat ematen zuten horrek haurrei kalteren bat eragingo ziela. Martinek oraingoz ez du inolako arazorik, baina Ainhoa, arreba, gorra da. Jaio bezain pronto egin zizkieten biei otoemisio azterketak —entzumen sisteman arazorik baden antzemateko probetako bat—. “Horrela jakin genuen litekeena zela Ainhoak entzumen arazoren bat izatea”, azaldu du Toñik.
Dena den, horrek ez zuen esan nahi hipoakusia —gorreria— zuenik. Baina bigarrenez proba egin, eta orduan ere ez zuen gainditu. Ondorioz, mediku eta espezialistek esan zieten adi egoteko etxean, zaratarekin mugitzen zen edo ikusteko. “Guk txakurra dugu etxean, eta atea ixterakoan zarata egiten bazuen, alabak inoiz ez zuen egoera horietan erantzuten”.
Ondoren potentzialen proba deiturikoa egin zioten Ainhoari. Lau hilabeterako jakinarazi zieten Toñi eta bikotekideari alaba gorra zela. Hasieran audifono bat paratu zioten. “Sei hilabeterekin Gorreria Goiz Detektatzeko Zerbitzuan hasia zen, eta ez zuen espero zen erantzunik eman”. Urtebete egin, eta lehenengo ebakuntza egin zioten: kokleako inplantea jarri zioten. Geroxeago paratu zioten bigarrena.
Halako arazoak dituzten haurrentzat denbora oso garrantzitsua dela ohartarazi du Karen Azkona Eunateko logopedak. Izan ere, ahots harietan bestelako arazorik ez badute, gorreria duten haur askok hitz egitea lortzen dute. Denbora da, ziur aski, haurren zein profesionalen areriorik handiena.
Hain justu, entzumena lantzeko eta hitz egiten ikasteko joaten da Ainhoa astean bitan Eunateko logopedia eskoletara. Neska pizpirina eta argia da. Keinuen bitartez indartzen ditu Azkonak bere birgaitze eskolak: “Keinu hizkuntzako hainbat keinu erabiltzen ditugu, esaten duen hori indartzeko xedez”.
Haur gorren eskolaratzea ahalbidetzeko, sare publikoan gorrentzako baliabide bereziak dituzten eskolak badira. Hala ere, mediku, irakasle zein logopedek osatutako aditu talde batek gomendatzen die gurasoei haurra zein eskolatan matrikulatu. Dena den, Toñik jakinarazi du haurren gorreriaren inguruan ezjakintasun handia dagoela. Eurek, esaterako, alaba ez dute eskola berezi batean matrikulatu, Ainhoak Martin anaia bikiarekin batera ikasteko aukera izan zezan.
Hipoakusia edo gorreriaren inguruko informazioa hedatzeko asmoz, Eunatek jardunaldi batzuk antolatu ditu. Orotara, hiru saio izango dira. Asteazkenean egin zuten lehena NUPeko Arrosadiko campusean. Hurrengoak urriaren 2an eta 9an izango dira. Batez ere, hezkuntza eremuko profesionalentzako jardunaldiak dira.