Ongi egiten duzu euskaraz, Iruñekoa izanda”. Horra hor behin baino gehiagotan Iruñerriko euskaldunoi egindako ganora gabeko epaia. Oro har, eremu erdaldunetako euskal hiztunoi botatako esaldi-misila. Ahoskatu orduko, solaskidearen hizkuntz harrotasuna bete-betean jotzen duen proiektila.
Bada, halaber, esaldi horren bertsio estentsiboa: “Ongi egiten duzu euskaraz, nafarra izanda”. Biak ala biak, ezjakintasunaren adierazle. Eta, dena den, berdin-berdin min ematen jarraitzen dute. Zaila da euskaldun izatea legedi erdalzale baten oldarraldiei aurre eginez. Zailagoa da, baina, gure hizkuntzan egitea urgazle usteko euskaltzale orojakileen ondoan.
Euskara gure territorio libre bakarra omen da. Hala ere, konplexuek, beldurrek eta lotsak kateatuta gaude. Askatasunez solas egin ezinik. Gaizki ahoskatutako hitzak zenbatzeko eskuak libre; hitz egiteko mingainak, aldiz, estuki lotuta. Legediak mugatu ezean, inguruak; eta inguruak zalantzan jarri ezean, guk geuk paratzen dugu geure burua ikusmiran. “Hau hola da?” edo “Formalegia ote hitz hau?”. Zalantza. Bitartean, badaezpada, gazteleraz eskatuko dugu okindegian.
Euskara zuzen eta egokia alboratu nahirik ez dut. Beharrezkoak zaizkigu kalitatezko idazkiak eta beharrezkoa ere ahozko hizkuntza zaindua. Eta badaude esparru batzuk, non ezin dugun baimendu lengoaia urraketarik.
Eduki genuen, behin, unibertsitatean, “belarra” eta “arbela” hitzak nahasten zituen irakasle bat —biak berdeak direlako, agian? —. “Idatzi ezazue belarrean”, zioen. Beste behin, ergatiboa erabiltzen asmatzen ez zuen beste batek eman zigun klase. Ariketa guk berari eman behar genion ulertu gabe. Edo, akaso, ariketa berak guri. Edo aldrebes. Edo auskalo.
Batzuetan, batzuek museo bateko areto nagusiko koadro inportanteena balitz bezala zaintzen dute euskara. Soilik begiratzeko, ukitzeko beldur, harekin jolasteko mesfidati. Besteetan, beste batzuek, begirunerik ez, eta museoko segurtasun zaintzailea tratatuko luketen eran tratatzen dute. Zakar eta axolagabe. Ez dugu ez bata ez bestea behar. Harribitxi bat dugu esku artean, baina ukitu daitekeen obra da, hatzek markatuko ez dutena.
Euskara altxor etnikoa dela dio Koldo Izagirrek. Arrarotasunean arraro dela, alegia. Espero ez den gauza bat. Bitxikeria. Orduan, euskara Nafarroan, gainontzeko euskal lurretan baino exotikoagoa izanda, nola definituko genuke? Altxor etnikoa baino areago, xelebrekeria antropologikoa izan beharko luke?
Nafarroako Museoko erakusketetan fosil gisa egon aurretik, jolastu gaitezen euskararekin. Lotsarik gabe. Izan Iruñekoak, Tulebrasekoak edo Tuterakoak. Noizbait, Nafarroan egonen diren erdaldun gutxiek harrituta esanen dute: “Ongi egiten duzu gazteleraz, Corellakoa izanda”.