Sanferminetan “saltzen den” irudiari buruzko gogoeta eskatu du oposizioak

Sanferminetako mahaiko hainbat parte hartzailek jaietan “saltzen den” irudiari buruzko gogoeta eskatu dute. Bereziki “edozer gauza egin daitekeelako” irudia bertan behera utzi behar dela nabarmendu dute mahaiko hainbat kidek. Astelehenean bildu zen, jaien ostean lehen aldiz, sanferminetako mahaia. Bertan, Enrike Maia Iruñeko alkateak jaien balorazioa aurkeztu zuen. Azken sanferminen balorazio positiboa egin zuen, hiru salbuespenekin: txupinazoko ikurrinaren ekintza, uztailaren 7ko prozesioko Curia kaleko gertaerak eta entzierroetako gorabeherak. Era berean, parte hartzaileen iritziz datozen sanferminetan hobetu beharrezko zenbait gai proposatu zituzten. Esaterako, aparkalekuak, entzierroetako masifikazioa, kaleen garbiketa eta hiritarren parte hartzea.

Iruñeko Udaleko NaBaiko zinegotzi Itziar Gomez kezkatua dago kanpoko bisitariei eskaintzen zaien jai ereduarekin. “Munduan saltzen dugun sanferminen markaren inguruan gogoeta egin behar da, XXI. mendean edozer gauza egin daitekeelako marka baita sanferminetakoa, sexismoan oinarritutakoa”. Ezkerra koalizioko zinegotzi Edurne Eginok ere jaien irudi hori salatu zuen. “Iruñeko jaiak irudi sexistekin saltzen dira; baina ez da hori bakarrik, Nabarreriako iturritik salto egitea eta halako ekintza arriskutsuak txalotzen dira, bai eta entzierroetan inolako informazio eta prestakuntzarik gabe parte hartzea ere”.

Entzierroetan gertatutako masifikazioa hizpide izan zuten astelehenean egindako bileran. Entzierroetako korrikalari Javier Bellosok gai horri buruzko zenbait proposamen aurkeztu zituen. Besteak beste, entzierroen aurretik ibilbidea guztiz hustea, parte hartzaileen kopurua kontrolatzea eta parte hartzeko irizpideak berrikustea. Maiak ez zuen gai horren inguruko adierazpenik egin oraindik udalak ez duelako erabakirik hartu. Urriaren 1ean entzierroaren mahaia bilduko dela adierazi du alkateak. Bilera horretan, proposamen horiek eta beste batzuk aztertuko dituzte.