Aldaketak

Egutegi arrazoiak medio, kolaboratzaileok gure artikuluen argitaratze data baino astebete lehenago bidali behar izaten ditugu testuak. Nik aurreko astean bidali nuen nirea, gaur argitaratzeko asmoz. Luis Goñiz eta Xabier Sagardoi Xapotaz nenbilen orduan, libre bizitzeko haien ametsaz, eta amets hori gauzatzeko hautu eta konpromisoaz. Nafarroak berez daukan desobedientzia eta intsumisio jarreraz ere mintzatzen nintzen, biziraupenerako tresna gisa. Eta jarrera horrekin nolabait lotuta, bihar Iruñean ospatzekoa zen “martxa desobedientearen” arrakasta aurreikusten nuen, horrela, azkar esanda.

Bihar, ordea, ez da mobilizaziorik izanen Iruñean. Eta Xapok ezin izan du bere ametsa gauzatu. Aurreko testua hartu eta molda nitzake bi detaile horiek, gainerakoa nola hala bere horretan mantenduz. Baina gauzak gehiegi aldatu dira. Artikulu huts bati dagokiona baino askoz gehiago, tamalez. Biharko deialdia denboran atzeratu izanak ez baitu zerikusirik protestarako arrazoiak desagertu izanarekin. Alta, hazi egin dira.

Hotzean aztertuz, Herrira-ren aurkako sarekadak, jarrera aldaketa baino, Espainiako estatuak orain arte mantendutako jarreraren berrespena dakar. Ez luke zentzurik astelehenean jarrera aldaketaz hitz egiteak Herrira-ko kideak atxilotu izanagatik, eta ez igandean, Xapo atxilotu zutenean. ETAk borroka armatuaren desagerpena iragarri zuenetik, estatuak ez du errepresioaren bidea alboratu, nahiz eta horretarako tresna sotilagoak, eta nahi bada, ez hain mediatikoak erabili. Baina ez luke zentzurik ere asteleheneko sarekadak ezer aldatu ez duela baieztatzeak.

Aldaketa nabariena, estatuaren jarreraren gorabeherak baino, herritarrok bake prozesuaren gainean dugun pertzepzioari dagokiona da. Prozesua blokeatua bakarrik ez, saboteatua dela ikusi dugu. Era grafikoenean ikusi gainera, aspaldikoa uste genuen ikuskizuna jarri baitigu estatuak begi parean. Errealitateak aurre hartu die eraikiak genituen ilusio eta esperantzei. Eta bide batez, mahai gainean jarri du, akaso inoiz baino argiago, herritarron eragiteko beharra.

Horregatik, aurreko astean idatzi nuen artikulua ezabatu eta berri hau idazten nagoen honetan, bada aldatu nahi ez nukeen ideia bat. Ametsetaz nenbilen orduan, gure borondatetik kanpo geratzen den eremu horretaz. “Inork ez du zer amestu erabakitzen”, nioen. Eremu “kontrolaezina”, bide beretik.

Eta gaineratzen nuen, amets bat ekintza politiko izatera pasatzen dela hori gauzatzeko borondate eta konpromiso argia dagoenean. Guk kontrolatzen dugunean, alegia. Horixe da orain herritarroi dagokiguna, libre bizitzeko ametsa gure egin eta horren alde jardutea. Gauzak benetan alda daitezen. Artikulu batetik harago alda daitezen.