“Arraunlari bat ofizioak berak erakarri behar du gehien”

“Bandera bat irabazi, autobusean sartu eta herrirako buelta hori zoragarria da”, dio Agoitz Irazoki Hondarribiako arraunlari lesakarrak (Lesaka, 1985). Baina bandera bat irabazteko lan handia egin behar da. Irazokirentzat irabaztea sari bat da. Baina benetan gustatzen zaiona arraunean aritzea da. “Nik uste dut oro har arraunlari bat ofizioak berak erakarri behar duela gehien. Neguan entrenamendu polit batzuk egitea, itsasoan sartzea…”. Halabeharrez hasi zen arraunean Irazoki, eta jada zazpi denboraldi egin ditu Hondarribia traineruan. Azaroko lehen astera arte, oporrak ditu arraunean.

“Arraunean hasi aurretik, kirolaria baino gehiago, kirolzalea nintzen”, azaldu du Irazokik. Gaztetan bizikletarekin ibiltzen zen, Nafarroa mailan. Baina 15 bat urterekin utzi egin zuen. Urte batzuk geroago, martxa zikloturistetan parte hartzen hasi zen. Herriko ezagun batek 2007an Hondarribiko arraun taldean sartzeko esan zion arte. “Bigarren taldean jendea behar zutela esan zidan, eta ea proba egin nahi nuen. Nik telefonoa eman nion, eta hasi egin nintzen”.

Geroztik, zazpi denboraldi pasa dira. Urte horietan guztietan gauza asko ikasi dituela aitortu du Irazokik. “Urtez urte motibazioa aldatzen da. Hasieran, ofizioa ikasten da, eta bigarren traineruan ibiltzea da helburua; gero, hasierakoan sartzea. Eta, azkenean, asko entrenatuz gero eta zorte apur batekin, lehen taldean hastea”. Irazokik 2010ean egin zuen salto lehenengo taldera.

Norberak helburu bat markatzen baldin badu ere, taldeak ere bere helburuak markatzen ditu denboraldi bakoitzean. Hondarribiaren kasuan, hori Kontxan sartzea da. “Denboraldia hasten denean, Kontxan parte hartzea izaten da markatzen dugun helburu bat”. Irazokirentzat Kontxako Bandera da irabazi daitekeen estropadarik garrantzitsuena. Horregatik, sailkapenerako eguna izaten da egunik okerrena. “Egun horretan, ikaragarri dago galtzeko, eta irabazteko batere ez. Nolabait esateko, urte osoko lana egun batean jokatzen duzu”. Hori arraunlariek ez ezik zaleek ere badakite. Herriak ere trainerua Kontxan egotea nahi baitu, eta horrek guztiak eragin handia du. “Zeregina, berez, estropada guztietan antzekoa da; Kontxak duen berezitasuna da inguruan sortzen den guztia: jendea, telebista, giroa…”.

Parte hartu ez, irabazi egin dute aurten Hondarribia taldekoek Kontxako estropada. “Ederra izan zen hura; gainera, irailaren 8a egun handia da Hondarribian. Hori izan zen politena, ikustea adin guztietako jendea negarrez, eta alarde egunean gainera”, gogoratu du lesakarrak. Kontxako egunean polemika handia piztu bazen ere, Irazoki oso lasai zegoen. “Estropada bukatu eta segituan esan zigun epaileetako batek berak dena ikusi zuela eta lasai egoteko”. Pena handia eman zion ondoren gertatutakoak, baina Urdaibaik akats handia egin zuela uste du Irazokik. “Arraunean, kirol guztietan bezala, irabazten du arauak betez lehendabiziko helmugara heltzen denak. Hori Hondarribiak egin zuen”.

Arraun denboraldia azaroko lehen astean hasiko du Irazokik. “Hasieran, entrenamendu luzeak egiten ditugu: korrika, pisuak altxatu, ergometroan ibili… Eta astean hirutan, uretara”, azaldu du Irazokik. Azaroan asteburuak libre izaten dituzte, baina abendutik aurrera, asteburuetan ere entrenatzen dira. “Arraunaz gain denok lan egiten dugunez, jendeak libreago izaten ditu asteburuak. Beraz, uretako entrenamenduak denok elkarrekin egiteko aprobetxatzen ditugu”. Aste tarteko entrenamenduetan, berriz, norbera bere kabuz ibiltzen da. Arrauna denbora asko eskatzen duen kirola da. “Oso giro ona” dute taldean. “Denak gazteak gara; elkarrekin ondo hartzen dugu, eta kuadrilla bateko martxa bertsua dugu”. Azken batean, ez daude soilik elkarrekin entrenamendu eta estropadetan. Jai dutenean, denek batera izaten dute. Beraz, askotan parrandak ere elkarrekin egiten dituzte. “Esperientzia horrek guztiak lotura handiak sortzen ditu gure artean”.

Arraunlari gehienen antzera, bizimodua aurrera eramateko beste lan baten beharra du Irazokik. Lesakako fabrika batean lan egiten du. “Ikasketak bukatu, eta praktikak egiten hasi nintzen bertan. Hori 2005.urtean izan zen, eta geroztik han jarraitzen dut lanean”. Arraunean jarraitzea, hein handi batean, lankideei zor diela pentsatzen du. Entrenamendu egunetan zein estropadetan lan egin behar duenean, txandak aldatzeko arazorik ez baitu izaten. Hori bai, denboraldia bukatu duenez, udan aldatutako txanda guztiak berreskuratu behar ditu.

Denboraldia hasi aurretik badu intentzioa oporretan joateko. Arraunean berriz hasi arte, tartea izango du ikasturtean egin ezin dituen gauzak egiteko, besteak beste, errepideko bizikletarekin ibiltzeko. Arraunean jarraitzeko intentzioa badu, eta azken denboraldia “oso ona” izan bada ere, oso gogorra izan dela dio. Orain, lortutako garaipenez gozatzen ari da.