Alboko grafikoan, Nafarroatik Ameriketara joandako emigranteen joerak bost urtetik bost urtera aztertu dira. Ikus daitekeenez, XX. mendeko lehen hamarkadetan Ameriketara joateko joera mantendu egin zen. 1911. eta 1915. urteen artean joan zen lagun gehien kontinente horretara, 6.738 hain justu. Europan hurrengo urteetan izan ziren gertakizunek, tartean Lehen Mundu Gerrak, joera hori dezente murriztu zuten. Izan ere, guda horren eraginez, Ozeano Atlantikoa zeharkatzeko itsasontzien trafikoa bertan behera gelditu zen. 36ko gerraren osteko urteetan, emigratu zutenen kopuruak gora egin zuen, baina inoiz ez zen itzuli aurreko urteetako zenbatekoetara.