“Guztia egunean bertan egiten dugu; hori da gure sekretua”

Orain hogeita hiru urte hasi zen Lourdes Gomez (Ezkurra, 1957) Asun ahizparekin batera Beatriz gozotegian lanean. Bertako jabea, Pablo Saraldi, erretiroa hartzekoa zen, eta seme-alabarik ez zuenez, negozioa pasatzeko norbaiten bila zebilen. Horrela hasi ziren bi ahizpak gozogintzan. Ezkurran lanik ez, eta Iruñera mugitu behar izan zuten bizimodua aurrera ateratzeko. Zortzi hilabete pasatu zituzten Saraldirekin batera lanean, gozogintzaren sekretuak ikasten. Geroztik, urteak pasatu dira. Beatriz gozotegia Iruñeko ezagunenetarikoa da gaur egun. Saraldiren bide beretik jarraitzen dute: “Guztia egunean bertan egiten dugu; hori da gure sekretua” .

Gomezek betidanik gustuko izan ditu eskuekin egindako gauzak. Baserrian, piper opilak, taloak eta antzekoak egiten zituen, baina gozotegi ofizioa Beatrizen ikasi zuen, Saraldirekin. “Berak erakutsi zizkigun errezeta guztiak eta ofizioa bera. Gainera, bera hemen ondoan bizi zen, eta edozein arazo genuela, deitu, eta berehala jaisten zen”. Oso harreman ona izan zuten beti Saraldi eta haren emaztearekin.

“Oso lan gogorra da gurea. Badakigu zer ordutan sartzen garen, baina inoiz ez dakigu noiz aterako garen”. Beatriz gozotegia oso ezaguna da Iruñean, baina horrek lan handia eskatzen du. Egunero, 09:00etan irekitzen dute denda, 14:00 arte, eta 16:30etik 20:00etara. Hala ere, Gomez ahizpak askoz lehenago hasten dira lanean. “Astelehenetan, 05:00etan jada dendan egoten naiz; astearteetan, pixka bat geroago, baina beti 06:00 baino lehen”. Gozotegian, sei pertsona ari dira lanean, baina gozokiak gehienbat bi ahizpen artean egiten dituzte. “Normalean, ahizpak egiten du hostorea, eta nik, opilak, bizkotxoak eta opilkiak”. Gomezek dio onena litzatekeela lan guztia denen artean egitea, baina hori uste baino zailagoa dela. “Oreak eta hostoreak egitea ez da horren erraza, erraza ematen badu ere”. Gainera, denda txikia da, eta ezin dute denek batera lan egin. Erabiltzen duten labea ere ez da oso handia, eta lau erretilu baino ez dira sartzen eginaldi bakoitzeko. Beste toki handiago bat hartzeko aukeraz galdetuta, Gomezek dio ez duela nahi. “Ni dagoeneko zahartu naiz; ez dut gogorik. Gainera, niri gustatzen zait horrela lan egitea, dena hurbil edukitzea”.

Beatrizen egun osoa pasatzen dute gozokiak egiten. Hori da euren sekretua: dena egunean eta “maitasunez” egitea. “Leku guztietan izoztutakoak ibiltzen dituzte, eta guk, ez. Guztia egunean bertan egiten dugu; hori da gure sekretua”. Gomezek azaldu du Iruñeko gozotegi entzutetsu batean dagoeneko hasi direla errege opilak egiten. Eurek, ordea, egunean bertan egiten dituzte; hori bai, egun horretan goizeko ordu bietan edo hiruretan hasten dira lanean. Baina bien arteko aldea “nabaria” da.

Beatriz gozotegian garrotetxoek dute arrakastarik handiena. Gomezen ustez, egin berriak saltzen dituztelako dute horrenbesteko arrakasta. Eurek ez baitute orea izozten. Garrotetxoen arrakasta handia bada ere, Gomezek nahiago ditu opilak. Duela gutxi hasi ziren egiten, eta oso harrera ona izan dute. Errege opilaren ore berarekin egiten dituzte. “Opilak oso ondo saltzen dira, ez pentsa, nik ahizpari esaten diot: urte pare batean, garrotetxoei opilek hartuko diete aurrea”. Opilena izan da euren azken berrikuntzetako bat. Baina Gomezek dio Beatrizen ez diotela denbora askorik eskaintzen produktu berriak sortzeari, egiten dutena ondo saltzen delako.

Hamaika tokitako bezeroak

Bezero asko dituzte gozotegian. Eguneko ia edozein ordutan Estafeta kaletik igaroz gero, ohikoa da jende ilarak ikustea bertan. “Denetarik etortzen da. Bezero finkoak ditugu, baita Tenerife eta Bartzelonakoak ere”. Kanpotik datozen hainbatek halabeharrez ezagutu zuten Beatriz gozotegia. “Tenerifekoak etortzen dira euren semea hemen ikasten ibili zelako unibertsitatean. Beste batzuk Klinika Unibertsitariora azterketa medikoak egitera etortzen direla aprobetxatuz, hemendik ere pasatzen dira”. Bartzelonatik datozenak aurreko egunean deitzen diote Gomezi. “Erroskillak eramaten dituzte; batzuetan, hamabi kilo. Beraz, aurretik abisatzen digute, eta egun horretan, hiru edo lau kilo gehiago egiten ditugu”.

Kanpokoak ez ezik, badituzte bertako bezero finkoak ere. Badaude, adibidez, goizero gosaltzeko bi txandrio erosten dituztenak, baita kafea hartzeko opilki kutxa bat erosten dutenak ere. Horiez gain, turista ugari ere joaten dira, turismo bulegoko ibilbide gidatuetan gozotegi aurrean geratzen direlako.

Lan eta lan ibili dira Gomez ahizpak azken 23 urteetan Beatriz gozotegian. Bezero faltarik ez dute, euren produktuek kalitate eta ospe handia baitute. Hala ere, hori ez da egun batetik bestera lortzen, urteetako esperientziaren eta eguneroko lan gogorraren emaitza baino ez da. Erretiroa hartu arte, bertan jarraituko dute bi ahizpek. Etorkizuna, hurrengo belaunaldiaren esku dago.