Urrun geratu dira Nafarroako ekonomia hazten zeneko garaiak. Krisi ekonomikoak kolokan jarri ditu kapitalismoaren biziraupena eta oinarria. Hazkunderik ez dagoenez, ekoizpen maila ere hondoa jota dago. Horren adierazlerik argiena akaso, langabezia tasa izan daiteke. Nafarroan, 50.000 lagun baino gehiago daude lanik gabe gaur egun. Pasa den astean ezagutu zen lanik gabe daudenen zenbateko zehatza. Orotara, Nafarroan 50.407 dira. Bost urtean ia bikoiztu egin da kopurua. Izan ere, 2008ko otsailean langabezian 23.765 lagun zeuden.
Eredu kapitalistarekin “ezin zela aurrera jarraitu” iritzita, duela zenbait urte hainbat lagunek Banatu taldea eratu zuten. Nafarroako Gobernuak zein inguruko administrazioek langabeziaren jaitsiera hazkundearekin lotzen dute. Baina, Lucio Tabar talde horretako kideak argi eta garbi du 2008 baino lehenago zegoen hazkunde maila “ezinezkoa” dela. “Hazkunde ekonomikoa ez da posible izanen munduak denerako ematen ez duelako”. Gainera, ingurumenaren ikuspegia aintzat hartuta, urtean ia-ia hiru mundu kontsumitzen direla jakinarazi du. “Hazkunde ekonomikoa handituz gero, are gehiago kontsumitu beharko genuke, eta konponbide hori ezinezkoa da”.
Horregatik dio eredu ekonomikoa “irauli” beharra dagoela. Eredu aldaketa horren baitan kokatzen du Banatu taldeko kideak lanaren banaketa. Izan ere, euren proposamena ez dago zuzenean langabeziarekin lotuta, hau da ez da lanik gabe daudenen egoera ebazteko modu gisa planteatzen. Gainera, egun lana partekatzeko dagoen zailtasunen jakitun da Tabar. “Nik garbi bereiziko nituzke lana banatzea eta miseria banatzea”, ohartarazi du. Izan ere, soldata eta lan baldintza “kaxkarrak” dituztenek ez dute lanaldia beste lagun batekin partekatzeko aukerarik. “Gainera, ikerketa askok diotenez, gero eta jende gehiago dago lanean baldintza txarretan eta ahalegin handia egin behar izaten dute duintasunez bizi ahal izateko”.
Banatu taldeak lan banaketa krisi ekonomikoaren erantzun gisa planteatzen ez duen arren, alor horretan hausnarketa sakonagoa egin beharra dagoela uste du Tabarrek. Hala ere, Alberto Ortiz De Zarate ekintzaileak egun langabeziari aurre egiteko modua ere izan daitekeela uste du. Tabarrek bezala eredu ekonomikoa aldatzea ezinbestekoa dela defendatzen du. Dena den, krisi ekonomikoa dela eta lana banatzeko beharra are beharrezkoagoa dela ohartarazi du Ortiz de Zaratek.
Uztaileko datuak aintzat hartuta, Nafarroan langabezian dauden hamar lagunetik lauk ez dute inolako diru sarrerarik jasotzen. Hau da, arazo “larriak” dituzte aurrera egin ahal izateko, ez dutelako administrazio publikoak egoera ekonomiko zailean daudenentzat bideratzen dituen diru-laguntzak jasotzeko aukerarik. Halako egoeretan familiaren babesa oso garrantzitsua dela azaldu du Ortzi de Zaratek: “Pertsona batek lanik ez duenean, nork mantentzen du? Familiak”, baieztatu du. Gaineratu duenez, gero eta gehiago dira bizirauteko inguruko lankide eta senideen laguntza behar dutenak. “Gure inguruan dozenaka adibide aurki ditzakegu”.
Egoera horri aurre egiteko proposamen bat plazaratu du ekintzaileak. “Guztiok nahiago genuke langabezian dagoen senitartekoa gainontzeko senideen artean mantendu baino gure lan-ordu batzuk bere esku uztea. Hala, guztiok hobeki biziko ginateke”, ohartarazi du. Joera hori, beste egoera batzuetan zabaltzen ari dela adierazi du Ortiz de Zaratek. Esaterako, enpresetan langileak kaleratzeko lan erregulazio espedientea aurkezten denean, lankideen artean sortzen den elkartasuna ekarri du gogora. “Sarritan, enpresa batean lan erregulazio espediente baten bidez berrogei lagun kaleratzekotan direnean, lanean jarraitzeko moduan diren langileek euren lanaldia murriztu eta kideak ez kaleratzeko proposatzen dute”. Halako elkartasun jarreren bitartez egoera “hobetu” daitekeela gaineratu du.
Baina berdinen arteko elkartasunean badira oztopo gehiago. Lan balditzez gain, hipotekek egoera zailetan elkar laguntzea zailtzen duela dio Ortiz de Zaratek. “Jende asko dago lana banatzeko prest dagoena, baina hipotekagatik erabat lotuta dagoena. Egia da hipotekek berdinen arteko elkartasuna ia ezinezko egiten dutela”, azaldu du.
Izan ere, familia asko eta asko izugarri zorpetu dira azken urteetan. Alor horretan, azken hamarkadetan familien ekonomian izan diren aldaketen inguruan hausnartu du Tabarrek. Jakinarazi duenez, duela 30-40 urte familietan pertsona bakarrak egiten zuen lan, gehienetan gizonezkoak. “Egun ez dago familiarik modu horretan bizi daitekeenik”, azaldu du. Egun, egoera txarrean bizitzeko bada ere, familietan gutxienez 80 orduz egin behar izaten da lan Tabarren irudiko. “Horrek ondorio ikaragarriak ditu maila guztietan; sistema berriz pentsatu beharra dago beste modu batean bizi nahi badugu”.
Tabar eta Ortiz de Zarate bat datoz lana banatzeko beharraz kontzientziatzea ez dela batere erraza izango. Euren mezua helarazteko orduan, sindikatuen lana oso garrantzitsua dela dio ekintzaileak. “Ezinbestekoa da gai hau sindikatuek serio hartzea. Baina, sindikatuek tradizionalki ez diote alor honi inolako garrantziari eman”. Atzeraldi ekonomikoaren ondoriotzat jotzen da langabezia. Ikusteke dago egoera aldatzen denean, 2008a baino lehen zegoen langabezia tasa itzultzeko aukerarik dagoen eta ezberdintasunak murrizten diren.