“Onartezina da Iruñeko Udalak bereak diren etxebizitzak hutsik izatea”

2011ko azaroan Nafarroako Hipotekak Kalte Eginikoen Plataforma sortu zenetik da bertako kide Felipe Martin (Elda, Herrialde Katalanak, 1952). Ana Lezkano Iruñeko Gizarte Ongizateko zinegotziarekin bildu da, plataformako hainbat kiderekin batera, hiriburuan etxebizitza eskuratzeko arazoak dituzten familien berri emateko. Oraindik udalak jabetzan dituen etxeak uzteko ordenantzarik ez dagoela salatu du.

Iruñeko Udalak hiru etxebizitza inauguratu zituen duela zenbait aste. Gizarte Ongizate zinegotziak jakinarazi zuen hutsik zeudela eskaririk ez zegoelako. Zer iritzi duzu horren inguruan?

Berez, etxerik ez duten pertsonentzat jarri zituzten martxan etxebizitza horiek. Ana Lezkano Gizarte Ongizateko zinegotziarekin bildu ginen joan den astean, eta aitortu zigun etxebizitza horiek oraindik ez daudela bertan bizitzeko moduan. Eskaririk ez zegoela esatean hanka sartu zuela ere aitortu zuen. Adierazpen horien harira etxerik gabe zeuden familien hainbat kasu dokumentatu ditugu, eta lekukotza batzuk eraman genituen bilerara.

Zergatik esan zuen Lezkanok udalaren etxeetan bizitzeko eskaririk ez dutela? Adierazpen horrek mahai gainean jar dezake udal zerbitzuen artean koordinazio falta dagoela?

Nik uste politikariek presa handia zutela etxe horiek inauguratu eta argazkia egiteko. Gizarte zerbitzuen koordinazioari dagokionez, Lezkanok gizarte langileei errua egozteko ahalegina egin zuen bileran, baina gu ez gara joko horretan sartuko. Argi eta garbi dago gizarte langileak oso lan ona egiten ari direla; askotan, dituzten baliabideek ahalbidetzen duten baino lan gehiago egiten dute. Izan ere, sarritan planteatzen diren egoerei irtenbidea bilatzeko aukerarik ez dute burokraziak eragindako zailtasunak direla eta.

Denera zenbat etxebizitza jarri nahi ditu Iruñeko Udalak etxerik gabe dauden familien eskura?

Badirudi urte amaierarako hamasei etxebizitza jarri nahi dituela herritarren eskura. Baina, orotara, udalak jabetzan 200 etxebizitza ditu. Lezkanok argi adierazi zigun denentzako etxerik ez dutela. Dena den, onartezina da Iruñeko Udalak bereak diren etxebizitzak hutsik izatea.

Uztailaren 2an bankuen etxeak bizitokia eskuratzeko arazoak zituzten familien esku uztea ahalbidetzen duen legea onartu zuen Nafarroako Parlamentuak.

Gure iritziz, Nafarroan dagoen etxebizitza arazoa ebazteko modu bat izan daiteke. Izan ere, lege horrek hutsik dauden bizitokien alokairua sustatu nahi du. Hala, alokairua Nafarroako Gobernuak kudeatuko luke. Etxeen jabeek alokairua kobratuko dutela ziurtatua dute. Gainera, urtebeteren buruan etxeek hutsik jarraituz gero, legediak jabeei zigor ekonomikoa ezartzeko aukera jasotzen du.

Irailaren 27an inauguratutako etxebizitza horietan noiz jarri ahal izango dira bizitzen familiak?

Egia esan, ez dakigu. Izan ere, ez daude erabat eraberrituta, margotzea falta baita. Gainera, mota horretako etxebizitzen erabilera eta funtzionamendua arautzen duen ordenantzarik ez dago. Hilabete honetan onartuko dutela azaldu zigun Lezkanok. Plataformak proposamen bat aurkezteko asmoa du, jakin badakigulako UPNk egin nahi duen araudia oso murriztailea dela. Izan ere, besteak beste, etxe horietan gehienez urtebetez bizi ahal izango dira familiak. Egoera urtebetean bideratu beharko dute hortaz.

Iruñean zenbat etxebizitza daude hutsik?

Duela zenbait urte Iruñeko Udaleko hainbat teknikarik egindako ikerketa baten arabera, 7.800 etxebizitza daude hutsik; hau da, Mendillorrin dagoen bizitoki kopurua halako bi. Lezkano bera harritu egin zen zenbateko horren berri eman genionean.