1984ko azaroaren 5ean Argia ikastolan hasi ziren lehen bost ikasleetako bat da Lorea Jimenez (Tutera, 1981). Hasierako urte haietaz ezer gutxiz oroitzen dela aitortu du. Hala ere, ikastolan bizi izandakoaz oso oroitzapen onak dituela jakinarazi du pozik. Horregatik, Ekiotz semeak ere Argia ikastolan ikasten du. Dioenez, ikastola asko aldatu da azken urteetan. Gustura mintzatzen da Argiaren lehen urteetan bizi izandakoaz. Orain, lanean dabil buru-belarri Nafarroako ikastolen jai handia dela eta. Azaldu du jaiaren lekukoa hartu zutenetik ari direla lan eta lan gelditu gabe.
Argia ikastolak eskainitako lehen ikasturtean izan zituen bost ikasleetako bat zara.
1984ko azaroaren 5ean izan zen lehen eskola eguna. Beterri elkartearen lokal batzuetan sortu zen, bost neska-mutilen gurasoen ekimenari eta ilusioari esker, eta lehenengo ikasleetako bat izan nintzen, nire gurasoei esker.
Nola hasi zen ikastolaren ibilbidea?
Zailtasunak handiak izango ziren ziurrenik. Zailtasunei buruz-eta gutxi dute hitz egiteko gurasoek. Garai hartako sistema politikoa ez zen oso ona. Pentsatzen dut oso gaizki pasako zutela, baina ilusioz beterik zeuden.
Beterriko lokaletan hainbat urtez ikasten aritu ostean, behitegira aldatu zen ikastola.
Hala da. Nik ez nuen inoiz ikasi Argia ikastolak Fontellasen duen egoitza berrian. 1995. urtean, Tuteran lehenengo Nafarroa Oinez jaia egin zenean, Iruñeko San Fermin ikastolara joan nintzen ikastera. Zortzigarren maila bukatu nuenean, aurrera jarraitu nahi nuen, eta D ereduan ikasteko aukera bakarra Iruñera joatea zen. Gaur egun ere horrela pasatzen da. DBH bukatutakoan, ikasketak euskaraz jarraitu nahi izanez gero, Iruñera joan behar da, hori da gertuen dagoen aukera.
Nola oroitzen duzu Tutera utzi eta Iruñera joan behar izan zenuen garaia?
Astea Iruñean ematen nuen, eta asteburuetan Tuterara, gurasoen etxera itzultzen nintzen. Argia ikastolan igaro nuen azken egunean omenaldi txiki bat egin zidaten, lehen ikasleetako bat izan nintzelako, eta oso hunkigarria izan zen. Garai gogorra izan zen; izugarrizko aldaketa nabaritu nuen, ikasketa maila aldetik batez ere. 1995ean, San Fermin ikastola handia zen. Gure garaian klaseak txikiagoak ziren. Nire klasean bost ikasle ginen, eta hiru ikasturte ezberdinetakoak.
Argia ikastolan ikasten duena orain zure seme Ekiotz da.
Nik eta beste ikasle ohi batek gure semeak ikastolan matrikulatu genituen. Hori ederra da. Ekiotzek 2 urte eta erdi ditu. Argi neukan nire semeak ikastolan ikasiko zuela. Badakit oso ongi jaten dela eta oso hezkuntza ona jasoko duela. Gainera, garrantzitsua da niretzat semeak euskaraz ikastea.
Iganderako zein asmo duzu?
Ikastolako ikasle baten ama naizen heinean, jaia antolatzen lan egitea tokatu zait. Erriberan, tamalez, oraindik ez dago ongi ikusia ikastolara eramatea seme-alabak. Orain, akaso normalagoa da, baina nire gurasoen garaian ez zen horrela. Ziurrenik, nire gurasoek denetarik entzungo zuten. Aurreko jaiak bezala, igandekoa ere oso garrantzitsua da. Lan eta lan daramagu lekukoa hartu genuenetik. Dena ongi irtetea nahi dugu.