Betaurreko zuriak ilunetan ikusteko

Simon Santamaria Iruñeko udaltzain buruak kritika ugari jaso ditu karguan dagoenetik. Dimisio eskaerak ere ugariak izan dira. Herri mugimendu, alderdi eta sindikatuek hainbatetan salatu dute udaltzain buruaren “jarrera autoritarioa”. Udaltzainen artean ere gatazka ugari izan dira. Orain urte batzuk, Santamariarekin kritikoak ziren udaltzainek protesta baketsu bat hasi zuten, lanean betaurreko zuriak erabiliz. Horren bidez, udaltzainek adierazi dute Santamariaren erabakiekin bat ez zetozela. Imanol Reta ere ez dator bat udaltzain buruaren lan egiteko erarekin, eta hori adierazteko gafasblancaspamplona.blogspot.com bloga sortu zuen 2012ko abuztuan. Geroztik, Retak espero ez zuen arrakasta izan du blogarekin. Baina urriaren 8an, ustez irain delitua egiteagatik deitu zuten epaitegira. Salaketa Santamariak eta Ignacio Polo Iruñeko Udaleko Herritarren Segurtasunerako zinegotziak jarri zuten.

Iruñeko udaltzainen artean ez dago giro onik. Abuztuan prentsan agertu zen SPPME udaltzainen sindikatuak Santamaria, Enrique Maia Iruñeko alkatea, Udaltzaingoko hamar agintari eta legelari bat salatu zituela. Santamariaren kasuan, salaketa mendekoak iraintzegatik eta mehatxatzeagatik jarri diote. Salaketa gertatzen ari den guztiaren parte txiki bat baino ez da. Retak ezagunak ditu udaltzainen artean. Horien egoera zein den badaki, eta zerbait egitea pentsatu zuen. “Ez nago batere ados Santamaria egiten ari denarekin. Ezagun batzuekin blogaren ideia komentatu ostean, laguntzeko prest zeudela esan zidaten. Eta horrela hasi nintzen”, azaldu du Retak. Berak ez zuen gauza handirik egin nahi; gehienbat bere buruarekin ondo sentitzeko hasi zen bloga idazten. Baina berehala hasi zen blogaren ospea zabaltzen.

Retak hainbat iturritatik jasotzen ditu Santamariak, Polok edo udaltzainen buruek egiten dutenaren berri. Retaren aburuz, irregularrak edo ez oso zuzenak diren jarrerak publikatzen ditu blogean. Adibidez, sanferminak baino lehen udaltzain buruak 3.000 matrikula berri sartu zituen visual car sisteman —matrikulak irakurtzen dituzten kamerak daramatzaten autoak—. Horri esker, 3.000 auto horiei ezin zitzaien isunik jarri. Beste sarrera batzuetan frogatu nahi izan du Polok udalaren auto bat erabiltzen duela bere egunerokoan. Gainera, eremu urdina ez ordaintzeko, Iruñeko Udalaren paper bat jartzen du autoan. Paper horrek dio autoa aparkatua dagoen tokian egon daitekeela —tokia zehaztu barik dago—, betiere “egin beharrak betetzeko” bada. Gisa horretako gertaerak publikatu ditu Retak azken hamalau hilabeteetan. Bloga egunez egun ospea hartuz joan da; gaur egun 130.000 bisita inguru jaso ditu. Ospe horrek informazio gehiago jasotzen lagundu dio. Gero eta jende gehiagok bidaltzen baitio informazioa. Retaren ustez hori gertatu da udaltzainak “beldurra galtzen” ari direlako.

Baina udaltzain buruak eta hiritarren segurtasunerako zinegotziak ez dute begi onez ikusi bloga. Santamaria eta Poloren aburuz, euren burua iraintzen duten hainbat komentario agertzen dira blogean eta horregatik salatu dute Reta. Hala ere, Retak dio salaketa ez dutela salatzaileek prestatu, Iruñeko Herritarren Segurtasunerako Sailak baizik. “Hau da, baliabide publikoak erabili dituzte euren salaketa pertsonala egiteko”, dio Retak.

Urriaren 8an epailearen aurrean deklaratu zuen Retak. Bera lasai dago, uste baitu ez duela inor iraindu. Gainera, gai horretan tentuz ibili da. Iraingarriak uste zituen komentarioak ezabatu baititu hasieratik. Fiskalak erabakiko du epaiketa hasi edo ez.