Epaileak bertan behera utzi du Lekarozko hirigintza proiektua

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazio Gaietarako epaitegiak atzera bota du Lekarozko Aroztegia jauregiko lurren kalifikazio berria. Eta bertan behera utzi du Palacio Aroztegia enpresa etxegileak lur horietan egin nahi duen hirigintza proiektua. Ika-mika handia piztu du hasieratik proiektu horrek. Golf zelaia, luxuzko hotela eta 252 etxebizitza aurreikusten baititu. Etxebizitza horietan 800 lagun biziko liratekela aurreikusten zuten. Egun dituen biztanleak halako lau.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren erabakia Aroztegia… Eta Gero Zer? elkarteak jarritako helegiteari erantzuten dio. Sententziaren arabera, berriz kalifikatu ziren 40 hektareatatik, 8 ezin dira berriz kalifikatu. Lur horiek sute bat jasan zutelako eta Mendiko Foru Legearen arabera, sute bat jasan duten lurren erabilera ezin delako 30 urteetan aldatu.

Hirigintza planak aurrera egiteko, Aroztegiako lursaila berriz kalifikatu behar zen. Horretarako, Baztango Udalak 2009ko irailean udal plan bat adostu zuen, zeinean lurren kalifikazio berria onartu zen. Hori, 2010eko ekainaren 7an onartu zuten behin-behinekoz udalean UPNk eta NaBaik. Urte hartako irailaren 13an, Etxebizitza kontseilariak udal plana onartu zuen 162/2010 foru aginduaren bidez.

Lurren kalifikazio berria bertan behera geratu bada ere, enpresa etxegileak dio ez duela atzera egingo sententziak zortzi hektareari soilik eragiten dielako. Auzitegi Gorenean helegitea nola jarri aztertzen ari da orain promotora.