“Ez dugu pasatzen egun osoa bizikleten inguruan hitz egiten”

Bigarren Eskua bizikleta dendako hormetan ez dago txirrindularitzaren izarren argazkirik. Sarrerako loreak, egurrezko erakusleihoa eta musika lasaia baliatzen dituzte bezeroak erakartzeko. “Datorren jendearekin ondo pasatu nahi dugu; bizikleta bat saltzerako orduan bizikletaz hitz egingo dugu, baina, bestela, eguneroko edozein gairen inguruan hitz egitea gustatzen zaigu. Ez dugu pasatzen egun osoa bizikleten inguruan hitz egiten”, dio Ibon Txarterinak (Bilbo, 1980). Hamar urte beteko ditu Bigarren Eskua bizikleta dendak. Lasterketetan ibiltzen direnentzat baino gehiao, egunerokoan edo bidaiak egiteko bizikleta erabiltzen dutenentzako denda da. Iruñeko Alde Zaharreko Karmen kaleko 17. zenbakian dago denda, bizikletarekin lotuta hamaika zerbitzu eskaintzen dituzte. Bezeroekin hurbileko harremana izatea zaintzen dute gehien.

Orain hamar urte, 2003an, Txarterinaren anaiak, Aitorrek, bizikleta denda bat ireki zuen: Bigarren Eskua. Nazkatuta zegoen bizikleta dendetan jasotzen zuen tratu txarraz. “Besteak beste, asko kobratzen dute, eta bizikleta zaharra konpontzera eramanez gero, eskale baten modura artatzen dute bezeroa”, azaldu du Txarterinak. Beraz, egoera hori izanda eta diru sarrera finkorik ez zuenez, anaiak bere gustuko denda irekitzea erabaki zuen. Hortik bi urtera, Txarterina sartu zen dendara lanean, anaiarekin batera. “Ni Londresen nenbilen, eta Iruñera etorri nintzen antzerkia ikasi nahi nuelako. Hemen badago Nafarroako Antzerki Eskola, eta anaiak denda duenez, hona etortzea erabaki nuen”, adierazi du Txarterinak.

Bigarren Eskua bizikleta dendan hamaika zerbitzu eskaintzen dituzte: Erasmus ikasleentzako bizikleta alokairua 0,60 euroan, bigarren eskuko bizikletak, bizikleta berriak, konponketak… Bigarren eskuko bizikletek arrakasta handia dutela dio Txarterinak; “dena saltzen dugu, eta gehiago izango bagenitu ere, salduko genituzke”. Bigarren eskuko bizikletak aurreko hamarkadetan gehien saldu diren bizikletak izaten dira: mendiko bizikleta zaharrak, errepidekoak eta pasierakoak. Bizikleta horiek, gehienbat, errekurtso gutxi dituzten pertsonek erosten dituzte normalean. Baina, horiez gain, badaude ekologistak, diru askorik gastatu nahi ez dutenak, bigarren eskuan bizikleta on bat lortu dezaketela uste dutelako. Baita Txarterinak “miserableak” deitzen dituenak ere. Horiek, nahiz eta dirua izan, ez dute dirurik gastatu nahi.

Bizikleta berri bat erosterako orduan, Txarterinak gomendatzen du 400 euro baino gutxiago ez gastatzea. “Jendeak uste du 200 euroan baleko bizikleta bat lortu dezakeela, baina hori ez dago. Erosterakoan aurreztuko dena gero tailerrean gastatuko baitu”, ohartarazi du. Bizikleta berriak erosteko, Alemaniara joaten dira. Urtero, Costanza lakuan dagoen Friedrichshafen (Alemania) herrian egiten duten Eurobike azokara joaten dira. Abuztuaren bukaera eta irailaren hasiera artean egiten da azoka hori. Bertan merkatua aztertu eta urte osorako eskaerak egiten dituzte. Bestalde, Conor bizikletak ere erosten dituzte. Bizikleta horiek Eguesibarren egiten dituzte. Behar adina eskatzen dituzte. Normalean, 200 euro inguruko prezioa dute. Bezero perfil zehatza du bizikleta horrek. “Olentzerotarako nerabe baten familiak bizikleta bat nahi baldin badu, Conor-a saltzen diogu. Bizikleta hori ziurrenik lurrera botako du, lagunei utziko die zibarena eta ez dakit zenbat gauza gehiago egiteko. Hori kontuan izanda, ez du merezi diru gehiago gastatzea”, azaldu du Txarterinak.

Bizikletaren arriskuak

Iruñea hiri ona da bizikletan ibiltzeko, Txarterinaren ustez. “Eguraldi aldetik, ez da hiri txarra. Beste alde batetik, orografiak ere laguntzen du, oro har laua baita”. Iruñeak duen alde txarra segurtasuna dela uste du, eta horren erantzukizuna gobernuaren eta agintarien gain jarri du Txarterinak: “Edukiontzi bakoitzean zer bota behar dugun erakutsi dute, baina ez dute azaltzen bidegorritik nor joan daitekeen. Eskolatik hezi beharko da”.Txarterinak azaltzen du bere anaiak esan ohi duela Iruñea eta Nafarroa oro har gai horretan ikasle txarrak direla. “Azterketetan egin beharrekoa kopiatu ahal dute, albokoak zer egiten duen ikusi… Baina, horren ordez, albokoek egiten dituzten gauzarik txarrenak baino ez dituzte kopiatzen”. Horietako bat da txirrindulariak espaloitik ibiltzera behartzea edo ohitzea. Txarterinaren aburuz, bizikletak errepidetik joan beharko lukete, oinezkoek eskubidea dutelako espaloitik lasai joateko. Baina, aldi berean, txirrindulariek beldurra diete autoei, auto gidariek “ez dituztelako abiadura mugak errespetatzen”. Txarterinak proposatzen duen irtenbidea heziketa da, denen arteko errespetua bultzatzen duen heziketa. “Errepidea ez da autoena; denok ordaintzen ditugu zergak, eta denok dugu eskubidea errepidetik ibiltzeko”.