Euskararen muga non kokatu dago jokoan”. Hala ohartarazi du Anika Lujan Fontellasko Argia ikastolako zuzendariak. Igandean, besteak beste, Erriberan ere euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatuko dute Nafarroa Oinez Nafarroako ikastolen jai handiaren bidez. Jadanik ia dena prest dute. Taupadaz bat egin! leloaren bitartez, euskaltzale orori Argia ikastolaren aldeko jaira joateko gonbita egin die Lujanek, euren proiektuarekin aurrera jarraitu nahi dutelako.
Iragan astean hasi zituzten igandeko jaiari begira agertokiak eta tabernak muntatzeko lanak. Maru Eriz Nafarroa Oinez-eko koordinatzaileak jakinarazi duenez, egunean bertan 1.000 lagunetik gora ariko dira lanean musu truk, eta, urte osoa kontuan hartuta, 2.000 inguru. Ibilbidea Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hirian barrena izango da. Sei kilometro inguru izango ditu, eta hasi da dena forma hartzen.
Nabari da eskolako guraso zein irakasleak urduri daudela. Hala ere, Erizek argi du: “Ziur nago ibilbideko gune zabalak Euskal Herriko txoko guztietako jendez betetzea lortuko dugula”. Izan ere, aldarriaz gain, igandean gauza gehiago egongo dira jokoan, ikastolaren bideragarritasuna, esaterako. Lujanek aitortu duenez, ia-ia ikastola sortu zenetik egiturazko defizita dute. Horrez gain, DBH eskaini ahal izateko kiroldegia egin behar izan zuten, eta aurretik zuten zorra handiagotu egin zen.
Zuzendariak argi dio: “Guk beti hutsetik hasi behar izan dugu, gobernutik oso laguntza gutxi jaso ditugulako”. Gainera, Erriberan D ereduan ikasteko aukera Argia ikastolak soilik ematen du. 1986ko Euskararen Legeak ez du eremu ez-euskaldun gisa izendatutako eremuetan, Erriberan kasurako, euskarazko hezkuntza sistema publikoa eskaintzen. Horrek ondorio zuzenak ditu. Hala ere, ikastolako ikurretako bat da elkarlana.
Elkarlan horren bitartez hasi zen ikastola lehen eskolak ematen, 1984ko azaroaren 5ean. Tuterako elkarte batek utzitako lokal batean igaro zuten lehen ikasturtea bost ikasle besterik ez zutela. Urtetik urtera, zenbateko hori handituz joan zen, eta horrekin batera, ikastolaren beharrak. 1995ean, behar horiei erantzunez eraiki zuten Fontellasko ikastola berria. Ia 22 urtez jardun zuten modu alegalean. Nafarroako Gobernuak, 2006-2007ko ikasturtean legeztatu zituen eremu ez-euskaldun gisa izendatutako eskolak, tartean Argia ikastola.
Tere Rosanoren hiru seme-alabek ikasten dute Argia ikastolan. Laugarrena Batxilergoa ikasten ari da egun, Tuterako institutu batean, gaztelerako ereduan, herrian beste aukerarik ez dagoelako. “Nire seme-alabei euskaraz ikasteko eta bizitzeko aukera eman nahi nien”, dio, tinko. Hala ere, laguntza falta izugarria sumatu duela azaldu du. “Nafarroako Gobernuak, krisia aitzakiatzat jarrita eta murrizketa handien eraginez, ez digu diru laguntzarik ematen, eta hori nabari da”, salatu du Rosanok.
Urte osoa darama Nafarroa Oinez jaiaren inguruan antolatutako jai eta ekitaldietan buru-belarri lanean. Gaineratu du ikastolako guraso eta langile guztiak ari direla gogor lanean. “Azken bi aste hauek erokeria hutsa izan dira, gauza asko daudelako egiteko. Hala ere, igandean guztiak lanean arituko gara, jendeari harrera egiten, tabernetan, informazio guneetan…”.
Rosano bezala, lanean arituko dira Ione Blanzako eta Saioa Crespo ere. Argia ikastolako ikasle ohiak dira, eta egun bertan lan egiten dute irakasle moduan. Crespok aitortu duenez, urte osoa urduritasunez bizi izan du. “Igandea iristeko emozioz eta gogoz nago; badakit guztia oso bideratuta dagoela; orain, Euskal Herriko jende guztia etortzea falta da”, adierazi du. Gainera, Crespo bera arduratu da jaiaren ereserkia abesteaz. Blanzako ere gogo betez dago. Gainera, adierazi du euskararentzat “oso garrantzitsua” dela igandean Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Hirira ahalik eta jende gehien joatea.
Igandekoa Argia ikastolak antolatzen duen hirugarren Nafarroa Oinez jaia izango da. Hortaz, aurreko jaietan pilatutako esperientzia baliatuko dute. Besteak beste, astelehenean agintariei harrera egiteko ekitaldiaren proba saioak egin dituzte. Dena ondo ateratzea nahi dute, eta horretarako ikastolako ikasleek dantzatuko duten koreografia taxutzen aritu dira, besteak beste. Erriberako dantzetako eta dantza modernoko pausoak uztartuz osatu dute agintariei harrera egiteko ikuskizuna.
Eriz Nafarroa Oinez-eko koordinatzaileak jakinarazi duenez, aurreko ibilbideekin konparatuta “zeharo” ezberdina da igandekoa. Izan ere, industrialde batean barrena antolatu dute, Tuterako Nekazaritzako Elikagaien Industriaren Hirian hain justu. Hala ere, ohartarazi duenez, kanpotik Tuterara doazenentzat “iristeko erraza” izango da.
Orotara, lau gune izango dira: Piskerra, Muskaria, Landazuria eta Txirimendia. Lau izen horiek Erriberako toponimiarekin dute lotura. “Izen batzuk ez dira oso ezagunak, baina beste batzuk oso zabalduta daude”, onartu du Erizek.
Adin guztietako jendearentzako ekitaldiak antolatzen saiatu direla gaineratu du. Besteak beste, Piskerra gunean, Irrien Klubeko kideak eta jolasak izango dira. Gainera, iganderako Erriberan eguraldi ona dago iragarrita; beraz, Erizek ohartarazi du eguraldia ez dela aitzakia gisa jarri ahal izango Nafarroa Oinez jaira ez joateko.