Azken hiru urteetan ia mila pertsonak lortu dute bizileku baimena Nafarroan

“Bizileku baimena arautzeko bideak oztopo lasterketa baten modukoak dira”, dio Beatriz Villahizan SOS Arrazakeriako kideak. Azken hiru urteetan errotzeagatik 1.047 bizileku baimen eman dituzte Nafarroan, eskatutakoen %70. Hiru errotze mota aurreikusten ditu legeak: lan, familia eta gizarte errotzea. Azken hori legeak salbuespeneko neurri gisa onartzen du, eta harrigarria dirudien arren, horixe da biderik erabiliena. PPk 2011n Espainiako hauteskundeak irabazi zituenean, neurri hori baliogabetuko zuela iragarri zuen.

“Bizileku baimena gizarte errotzearen bidez lortzeko, pertsona batek Espainian hiru urte daramatzala frogatu behar du lan kontratu baten bidez. Gainera, urtebetez gutxienez lanaldi osoz lan egin behar du”, azaldu du Villahizanek. Ezinbestekoa da baimena eskatzen duen pertsonaren ugazabak errenta aitorpena eta pertsona hori kontratatua duela justifikatzea. Horrez gain, azken bost urteetan gutxienez kondenen agiritegia garbi izan behar dute baimena eskatzen dutenek. Horrek esan nahi du azken bost urteetan deliturik egin gabe egoteaz gain aurretik egindakoek baliogabe egon behar dutela eskaera egin baino bost urte lehenago. Delituak, nahiz eta zigorra bete, hainbat urtetan egoten dira kondena agiritegian.

Gizarte errotzea bada ere gehien erabiltzen den formula, beste bi bide daude: lan eta familia errotzea. Lan errotzea norberaren herrialdetik irten baino lehen lan kontratua izatean datza. Bestalde, pertsona batek frogatzen badu sei hilabete kontraturik gabe lanean daramatzala, lor dezake lan errotzeagatiko bizileku baimena. Arazoa da hori frogatzeko baimena eskatu nahi duenak salaketa jarri behar duela, horrek esan nahi duen guztiarekin. Familia errotzeagatik bizileku baimena lortzeko, Europako Batasuneko herritar baten bizikidea izan behar da. “Azken bi bide horiek legeak hobesten dituenak dira, baina, era berean, gutxien erabiltzen direnak dira”, dio Villahizanek. Bide horietatik baimena lortzea ia ezinezkoa dela uste du.

Bizileku baimenak urtebete baino ez du irauten. Baimena berritu nahi duenak aurreko urte erdia kotizatua izan behar du. Egoera hori hiru urtez luzatzen da. Iraupen handiko baimena bosgarren urtean lortzen da. Hortik aurrera, bertakoek nortasun agiria berritzen duten maiztasun berarekin berritu behar da baimena. Krisi ekonomikoak gogor jo ditu etorkinak. Lan faltak bizileku baimena galtzera eraman dituelako asko. Gainera, azken erreformaren ostean erroldatua egotea ez da nahikoa diru sarrerak bermatzeko errenta kobratu ahal izateko. Horrek ere gaiztotu egin du etorkinen egoera.

Baimena lortzeko zailtasunak

Baimena lortzen ez dutenek, 439 azken hiru urteetan, “estatutik euren borondatez joateko gonbita” jasotzen dute. Espainian baimenik gabe egotea falta administratiboarekin zigortzen dute. Horrek bi zigor posible ditu, 300 euroko isuna edo Espainiatik kanporatua izatea. “Norbait zigortzen dutenean, kasuen %99an kanporatu egiten dira pertsonak”, dio Villahizanek. Gainera, lehentasunezko kanporatzeak ezartzen dizkiete. Horrek esan nahi du salaketa jaso duenak 48 ordu baino ez dituela helegitea jartzeko. Kasu batzuetan, pertsona horiek urteak daramatzate Nafarroan, Mohamed Ejjerf Paris 365en lan egiten duen mutilaren kasuan bezala. Baimenik gabeko pertsonak identifikatzeko orduan instituzioek jarrera aktiboa dutela adierazi du Villahizanek. “Etorkinak euren itxuragatik identifikatzen dituzte, hori erabat legez kanpokoa bada ere”.