Haizego epelak laztanduta, eta ilargi betearen eraginpean, egunotan oparotasuna gozatzen da mendialdean. Gaztainak, ezkurrak, urrak eta intxaurrak gure oihanetan, erreka-bazterretan; arbolen indarretik ale bat ekartzen diguten elikagaiak.
Sagardiak etxe inguruko belardietan, sagarrez bete-beteak batzuk, urte alferragoa bertzeek, baina denetan ere badirelarik: gazi, gozo, geza edo motel, laster hondatzen direnak berehala jateko, edo negu osoa irauten dutenak. Goxoenak zuzenean jateko, bertze batzuk labean erreta, eta gainerakoak, sagardoa, zukua edo konpota eginez urte osorako gordetzeko.
Pikuak eta mahatsak etxe inguruetan. Sasoi honetan soilik goza ditzakegun gutiziak.
Baratzeetan, uzta nagusien biltzea: artoa, ilarra, tipula… urte osorako ongi idortuak, haizego goxoaren eraginez. Eta negu aldeko lehendabiziko barazkiak: azak, azaloreak, porruak, borraja… udako erreginak, aurten udazkena arte itxaron du, eta oraindik badira tomateak zenbait baratzetan, piperrekin batean.
Heldutasunera iristean jasotzen diren fruituak, urtearen heldutasuna erdiestean udazkenak eskaintzen dizkigunak. Negu gorriari aitzin egiteko ezinbertzekoak. Eta bai, gehiago edo gutiago, baina oparotasuna da nagusi sasoi honetan.
Egunero-egunero hedabideek helarazten dizkiguten krisi eta eskasia mezuen aldean, agian gutiegi erreparatzen diogun lurraren eta mendiaren oparotasuna ekarri nahi izan dugu honako honetan. Dirurik ez du ematen inguruak, eta bai, hori eskasten ari da, geldiezina den uholdeak bultzatuta. Bertze zerbait bilatu beharko dugu, ezta? Hor dago, gehiago gutiago, batzuentzat eskuragarriago eta bertzeentzat urrunxeago, baina denontzat eskainia, lurrak eta mendiak ematen duen oparotasuna. Horretara jartzea bertzerik ez dugu behar fruituak biltzeko.
Krisiaren uholdeak aitzinera darrai. Eta egoerak larritzen segituko du, bai. Negu gorria dator. Guri dagokigu horretarako prestatzea, sabaiak aleez eta fruituez ongi hornitzea, atariko idorpean egur aski pilatzea. Fruituen moduan, guk ere gure bizitzaren udazken honetan heldutasuna erdiestea.
Eta zuk, irakurle, krisia edo oparotasuna ikusten duzu inguruan?