Urtean 50 ludopata inguru artatzen dituzte Aralarren

Aralar Ludopaten Elkarteko psikologoak dira Sofia Perez eta Vanessa Gargallo. Elkartea berrindartzen ari dira, azken hilabeteetan izandako arazo batzuk tarteko. Horregatik, aurreko terapeutek uda hasieran utzitako postuaz arduratzen dira biak. Laguntza eske elkartera jotzen dutenen profila aniztuna dela jakinarazi dute. Urtean, jokoarekin arazoak dituztelako gutxi gorabehera 50 bazkide berri artatzen dituzte elkartean.

Aralar elkarteko terapeuten zerbitzua jasotzeko, ezinbestekoa da bazkide egitea: urtean kuota bat ordaindu behar izaten dute. Ludopaten profilaz galdetuta, oro har hitz egitea oso zaila dela ohartarazi du Gargallo psikologoak, profila aniztuna delako. “Gurera denetarik etortzen da; egia da gehienak egoera psikologiko zailean etortzen direla”, jakinarazi du, eta gaineratu du azkenaldian jokatzeko sortu diren modu berriek dezente murriztu dutela Aralarrera laguntza eske joaten direnen adina.

Jokatzeko moduak gero eta pluralagoak dira. Internetek erabat aldatu du duela gutxi arte zegoen jokatzeko modua. Izan ere, Perezek azaldu duenez, lehen errazagoa zen jokoarekin arazoak zituena identifikatzea, beste lagun batzuen aurrean jokatzen zuelako. Orain, ezkutuan joka daiteke inolako arazorik gabe. Alor horretan, Gargallok gaineratu du inguruan etengabe jokatzeko eskatzen duten dozenaka iragarki daudela, tabernetan, Interneten, autobus geltokietan. Eta araudi mailan oraindik asko dagoela egiteko. Izan ere, alkoholarekin eta tabakoarekin bezala, jokoa sustatzen duten iragarkiak debekatzeko beharraz ohartarazi du.

Alde horretatik, kontrol gehiago aldarrikatu dute bi psikologoek. Horregatik, kritiko agertu dira 2010ean kirolarekin lotutako apustuak egiteko Nafarroako Gobernuak onartu zuen arauarekin. Izan ere, salatu dute jokatzen duena ez dela identifikatzen. “Edonork egin dezake apustu bat makinetan”, azaldu du Gargallok. Gainera, jokorako desioa pizteko modu bat dela azaldu du.

Izan ere, jokatzean sentitzen dena plazeraren parekoa da askorentzat. Horregatik, plazera bilatzeko gogoa kontrolik gabea bada, mendekotasuna sor daiteke. Dena den, Perezen irudiko, jokalariak gizartean duen irudia dezente aldatu da azkenaldian. Izan ere, txanpon makinetan ibiltzen diren pertsonei “ludopata etiketa” jartzen die gizarteak. Apustu makinetan daudenei, aldiz, ez zaie etiketa hori jartzen, “modernotzat” jotzen direlako. Horregatik, halako makinetan jokatzen dutenak jokatu baino lehen identifikatzeko beharra dagoela aldarrikatu du Gargallok.

Errehabilitazio prozesua

Sarritan Aralar elkartera laguntza eske jotzen duten lagunak egoera psikologiko eta pertsonal txarrean egoten direla jakinarazi du Perezek. “Une batean denak eztanda egiten du, eta orduan jotzen dute guregana laguntza eske”, azaldu du. Horregatik, lehenengo bileran elkarrizketa pertsonala egiten diote elkartearen laguntza behar dutenei. Balorazio pertsonalaren ostean, taldekako terapia zein terapia pertsonalizatua ematen diote.

Perezek argi utzi du jokatzeari uztea ez dela batere erraza izaten. Gainera, jakinarazi duenez, emakume gutxiagok eskatzen dute laguntza, nahiz eta emakume ludopatak badiren. Egoera horren atzean gizartearen eragina dagoela irizten dio Perezek.

Aralarrera laguntza bila joaten direnek laguntzaile bat izaten dute. Laguntzaile hori arduratzen da astean diru kopuru zehatza emateaz. Izan ere, jokoaren mendekotasuna dutenek laguntza eskatzen duten unetik kontu korronteak eta diru mugimenduak kontrolatuak izaten dituzte.

Bihar, Iruñeko Alde Zaharreko San Frantzisko plazan mahai bat jarriko dute Aralar elkarteko kideek. Ludopatiaren egunaren harira, mendekotasun horren berri ahalik eta gehien zabaltzeko.