Elorri beltza basoko zuhaixka da. Hortik sortzen dira patxarana egiteko beharrezkoak diren basaranak. Horiek betidanik mendian bildu dira, baina 1980ko hamarkadatik aurrera patxarana ekoizten zuten enpresek Europako ekialdeko herrialdeetara jo zuten basaran bila. Egoera hori iraultzeko, 1992an elorri beltza landatzeko frogak egiten hasi ziren. Proiektu hori Nafarroako Patxarana Arautzeko Kontseilua eta egungo INTIA Nekazaritza Elikagaien Teknologia eta Azpiegituren Nafarroako Institutuaren artean eraman zuten aurrera. Prozesu horretan Alvaro Benito INTIAko Fruitu Hazkuntzaren Unitateko teknikariak (Sartaguda, 1958) parte hartu zuen.
Zein elorri beltz mota daude Nafarroan?
Basoko elorri beltz mota ugari daude, baina Nafarroan soilik sei mota landatzen dira, eta horietatik lau dira gehien landatuak. Elorri beltz motak Nafarroako Patxarana Arautzeko Kontseiluak arautzen ditu. Gehien erabiltzen diren motak 1, 4, 6 eta Villar dira.
Zergatik aukeratu zenituzten elorri beltz mota horiek?
Nafarroako Patxarana Arautzeko Kontseiluak eta orduko Nekazaritza Kudeaketaren Nafarroako Institutuak —gaur egun INTIA— elkarlanean egindako lanarekin aukeratu genituen mota horiek. Prunus spinosa-ren etxekotzea deitu zen proiektua, eta hiru atal zituen. Lehenengo eta behin, Nafarroa osoa zeharkatu genuen aldaera interesgarrienen bila. Behin lan hori eginda, Sartagudan landatu genituen aukeratutakoak. Bukatzeko, mota ezberdinen garapena aztertu, eta lau onenak aukeratu genituen.
Nola lortu zenuten basoko zuhaixka zena modu industrialean landatzeko produktu bilakatzea?
Landareak ugaltzeko hainbat teknika daude. Adibidez, in vitro laborantza edo biderketa begetatiboa. Teknika hori landare baten zatietatik beste landare batzuk sortzean datza. Baina teknika zaila eta garestia da hori. Horregatik, patroiekin lan egitea erabaki genuen. Teknika horren bidez ugaldu nahi den landarearen sustrai nagusia landatzen den beste landare bati txertatuz lortzen da. Elorri beltzaren kasuan, Mirabolan aranondoarekin txertatu da.
Zer gaixotasun eta izurri paira ditzake elorri beltzak?
Gaixotasunei dagokienez, elorri beltzak jasaten duen gaixotasun nagusia Taphrina deformans edo maspildura onddoa da. Gaixotasun horrek fruituak deformatu eta erorarazten dizkio landareari. Onddoari aurre egiteko nekazariek baimendutako fungizidak erabiltzen dituzte loratzearen ostean, hau da, apiril eta maiatz artean. Izurrite nagusiak, ordea, hiru dira: landare zorriak, armiarma txikiak eta harrak. Oro har, kontrolatuta daude arazo horiek, baina urtero suertatzen da arazoren bat nekazari batekin edo bestearekin.