Paris 365 gizarte jantokiari 5.190 euro eman dizkiote

Iruñeko eguraldiaren inguruko txantxa batek elkartasun proiektu bat abian jarri du. Ana Yerro eta Jorge Perezek 2010. urtean martxan jarri zuten Iruñea Mordor da Facebook orrialdea. Bertan, Iruñeko eguraldiaren inguruko txantxak egiten zituzten, J.R.R. Tolkinek asmatutako lurraldearekin konparatuz. Facebook orrialdeak arrakasta handia izan du: hiru urtean 10.000 jarraitzaile lortu ditu. Hori dela-eta, aurreko ekainean Iruñea Mordor da lelodun elkartasun txapak saltzea erabaki zuten. Irailean utzi zioten txapak saltzeari, eta irabazitako 5.190 euroak Paris 365 gizarte jantokiari ematea erabaki zuten. Jasotako diruarekin gizarte jantokiak 5.190 otordu edo 86 oinarrizko saski egin ahal izango ditu. “Oinarrizko saski kopuru horrekin 35 familia elika daitezke hilabete eta erdiz”, azaldu dute Paris 365 gizarte jantokiko kideek.

“Gisa horretako ekintza txikiak, eta ez horren txikiak, osatzen dute jantokiaren finantzaketaren %70”, esan du Patxi Lasa Paris 365eko presidenteak. Elkartasun txapak saltzeko, Yerrok eta Perezek Iruñerriko 40 dendaren, saltokiren eta tabernaren baino gehiagoren laguntza izan dute. Lodosan eta Auritzberrin ere salgai izan dituzte. Internet bidez ere hainbat eskari jaso dituzte, besteak beste, Erresuma Batutik, Irlandatik, Alemaniatik eta AEBetatik.