Laguntza eskariari behar bezala erantzuteko arazoak dituztela ohartarazi du Angel Iriarte Iruñeko eta Tuterako Caritasen gotzain ordezkariak (Iruñea, 1960). Nafarroako Gobernuak martxan jarri duen Gizarte Konprometitua zigiluari uko egin dio Caritasek, ez dagoelako prest erakunde gisa duen “independentziari” uko egiteko. Erabaki horrek eragin ditzakeen arriskuez jakitun direla aitortu du Iriartek.
Zuen laguntza eskatzen duten lagun guztiei artapena emateko arazoak dituzuela azaldu duzue.
Horrela da. Eskariari erantzun ahal izateko mugan gaudela esan genezake. Azken urte eta erdian izugarri handitu da beharrean dagoen lagun kopurua Nafarroan. Horregatik, gero eta gehiago dira gurera laguntza eske etortzen direnak. Diru gehien etxebizitza arazoak ebazteko ematen dugu. Horrez gain, elikadura arazoak ebazteko egiten dugun gastua ere nabarmena da.
Gutxi gorabehera zenbat lagun artatzen dituzue?
2013ko lehenengo bederatzi hilabeteetan, Tuterako eta Iruñeko Caritasen bulegoetan 6.387 familia artatu ditugu. Zenbateko horri elizetan artatzen diren familia kopurua gehitu behar zaio. Iaz epe berean baino 1.000 familia gehiago artatu ditugu aurten.
Azkenaldian krisi ekonomikoaren amaiera iragartzen duten lehenengo argi izpiak atzeman daitezkeela ohartarazi dute zenbait politikarik.
Nik beti esaten dut zifra makroekonomikoak ez ditugula ulertzen. Guk kalean gertatzen denaren inguruan dakigu gehien. Hemen, Nafarroan, azken urte eta erdia oso gogorra izaten ari da, eta argi izpi horiek ez ditugu ikusi ere egin. Beharrean dagoen jende mordoa dago, tamalez.
Nola finantzatzen dituzue zuen proiektuak?
Administrazio publikoetatik jasotzen dugun diru laguntza hutsala da. Bazkide, emaile eta elizetan egiten den diru bilketen bitartez finantzatzen da gehienbat Caritas. Baina inoiz ez gara bizi izan administrazio publikotik. Caritasen finantzaketa beti oinarritu izan da iturri pribatuetan.
Nafarroako Gobernuak Gizarte Konprometitua zigilua jarri du martxan. Zuek zigilu horren aurka azaldu zarete. Zer dela eta?
Nolabait esatearren, Gizarte Konprometitua zigiluak bi aurpegi ditu. Alde batetik, gobernuak dio gobernuz kanpoko erakundeei diru ekarpenak egiten dizkieten herritarrek %40ko onura fiskalak izango dituztela. Zigiluaren bitartez, gobernuak proiektuen eraginkortasuna eta gardentasuna bermatu nahi ditu. Bestetik, zigilua jaso ahal izateko administrazio publikoaren nahiak betetzea ezinbestekoa da. Hau da, gobernuak esandako eremuak lantzen diren proiektuak aurkeztu behar dira, berak nahi duen moduan. Horren ostean, gobernuak onartu egin behar du proiektu hori. Behin proiektua gauzatuta, memoria bat aurkeztu behar da administrazioak bere oniritzia eman dezan. Lehen esan dudan bezala, Caritas beti diru publikorik gabe finantzatu da. Erakunde gisa duen independentziari esker egin du egin ahal izan duena. Independentziari uko eginez gero, ezingo genuke orain egiten ari garena egin.
Zigiluari uko egin izanak kalterik eragingo dizuela uste duzu?
Gure aldetik apustu arriskutsua egin dugulakoan nago. Caritasen ekarpenak egiten dituztenekin fedea daukagu, eta gure erabakia ulertuko dutelakoan gaude. Bizitza honetan, norberak bere ideiekin kontsekuente izan behar du. Ez diegu erakunde hau hamarkadaz hamarkadaz bizirik mantendu duten ideiei uko egin nahi inola ere.
Gobernuarekin biltzeko aukerarik izan duzue?
Gizarte Konprometitua zigilua martxan jarri aurretik, bilera ugari izan ditugu. Baina beti horma handi baten aurka egin dugu talka. Guk egindako iradokizun bakar bat ere ez dute aintzat hartu. Berriz diot ez dugula zigilua jasotzeko eskaera egingo. Gainera, zigilua emateko lehenik eskaera egin behar da, eta ez dugu eskaera egiteko inolako asmorik. Jakin badakit joan den astean zigiluak banatzen hasi zirela. Baina gure identitatearen aurka egitea dela iruditzen zaigu.
Krisi ekonomikoaren ondorioetatik zer ebatzi duzue?
Nik uste krisi ekonomikoaren eraginez etorkizuneko gizartea deskribatuko duten faktoreak daudela jokoan. Krisi garaian oso zaila da talde bakoitzak duen filosofia mantentzea. Baina argi dago norberaren iritziak ez badira mantentzen etorkizunean topo egingo dugun gizarteak egun herritarrok nahi dugunarekin zer ikusteko gutxi izango duela. Nik herritarrei ideiei eusteko deia egingo nieke.