Ergoienako Udalak ume jaioberrien diru laguntzak handitu ditu

Ergoienako biztanleriaren herenak 65 urte baino gehiago ditu. Egoera horri aurre egiteko, udalak herrian umeak dituztenentzako diru laguntzak ematen ditu 2003. urtetik. Orain, udalak laguntza horiek handitzea erabaki du, Arbizuko Kattuka haur eskolako matrikulan 1.500 eurotara heltzen diren laguntzak emanez.

Horrez gain, lehenengo seme-alabagatik 400 euro ematen ditu udalak; bigarrenagatik, 700 euro, eta hirugarrenagatik, 1.000 euro. Laguntzak jasotzeko gurasoek Ergoienan erroldatuak egon behar dute laguntzak eskatzean eta jasotzean. Guraso bakarreko familietan, familia osatzen duen gurasoak bizilekua udalerrian duela frogatu beharko du laguntzak eskatzean.