“Garaipen hau herritar guztiekin partekatu nahiko genuke”

Helburuak lortu dituztela-eta pozik dago Joseba Otondo Aroztegia eta gero zer? plataformako kidea (Elizondo, 1977). Hainbat urteren ostean, justiziak arrazoi eman die, eta bertan behera gelditu da Lekarozko Aroztegian lur eremuan eraikitzekotan ziren hotela, golf zelaia eta etxalde berria eraikitzeko proiektua. Helburuak lortuta, herri mugimenduen eraginkortasuna aldarrikatu du Otondok. Sarritan ez duela ezertarako balio pentsatu arren, askotan emaitza onak lor daitezkeela defendatu du.

Lekarozen egitekoa zen Aroztegia proiektua bertan behera utzi du justiziak. Erabaki horren inguruan zer-nolako balorazioa egin duzue?

Balorazio ona egin dugu. Hala ere, bereziki azpimarratu nahi dugu zein garrantzitsua den herritarrak antolatzea eta herritarrek ez etsitzea proiektu espekulatzaile horien aitzinean. Bereziki hori balioan jarri nahi dugu, herritarrak antolatzea ezinbertzekoa dela. Horrez gain, nabarmendu behar da hagitz inportantea dela galdeketak egitea, eztabaidak bultzatzea, mobilizatzea, borrokatzea eta momentu jakin batean dinamika horren baitan auzitegietarat jotzea egoki ikusten bada, horietarat ere jo beharko dela. Baina, batez ere, aitzineko hori guztia nabarmendu nahi dugu. Animatu nahi ditugu herritarrak halako ekinaldien aurka egitera. Batzuetan galduko da, baina bertzeetan garaipena lortu nahi dugu. Garaipen hau herritar guztiekin partekatu nahiko genuke.

Zergatik egin duzue horren irmo proiektu horren kontra?

Gure ustez, proiektu espekulatzailea da. Egitasmo honetan aurreikusita zeuden etxeak eraikitzeko lurren izaera aldatu behar zen. Lurraldearen oreka erabat irauliko zuela uste genuen. Orain arteko krisi ekonomikorat ekarri gaituen eredu ekonomikoaren adibide garbia da. Horren baitan, egitasmoak berak bazituen hainbat gabezia. Kasu honetan larria. Baso lurzoru batean sutea izan zen orain zazpi bat urte, eta horren kalifikazioa aldatu nahi zuten. Legeak argi eta garbi erraten du baso lurrak ezin direla kalifikazioz aldatzen ahal 30 urteko epean. Hori argia da, eta legeak hala dio. Lekarozko herriak eta Aroztegia eta gero zer? plataformak behin eta berriz salatu dugu hori Baztango lehengo udalaren eta Nafarroako Gobernuaren aitzinean, baina ez digute kasurik egin. Baina hondarrean justiziak gure alde egin du. Horren ondorioz, Baztango Udal Planaren aldaketa baliogabetu du, eta, ondorioz, egitasmo guztia lurrerat bota du. Beraz, proiektua ez da egiten ahal. Alor honetan, eskertu nahi dugu egun Baztanen dagoen udalak proiektua atzeratzeko egin duen ahalegina.

Proiektuko sustatzaile batzuen artean hainbat banku zeuden. Justiziaren erabakiaren ostean zer jarrera hartuko duten badakizue?

Ekinaldiaren bultzatzailea Palacio de Aroztegia SA enpresa zen. Dakigunez, enpresa sortu zenean, Caixa Galicia zegoen, eta geroztik krak egin duena higiezinen burbuilaren eraginez. Ondoren, Nova Galicia Banco bilakatu zen. Estatuak nolabait erreskataturiko bankua zen. Sekulako dirutza sartu ondotik, orain saldu egin nahi dute. Bertzalde, Arozarena familia ere sustatzaileen artean zegoen. Hemengo kapital handiko jendea da. Jende indartsuari aurre egin behar izan diogun arren, proiektua ez da egiten ahal. Bertan behera gelditu da. Hemendik aitzinerat sustatzaileek zer eginen duten ez dakigu, hutsetik hasiko duten hau guztia. Argi eta garbi, hau proiektu urbanistiko espekulatzaile bat zen. Golf zelaia eta luxuzko hotela aipatzen zituzten, baina hori aitzakia bertzerik ez zen 252 bizitegi egiteko, hor zegoen jokoa. Geroztik ikusi ahal izan da Euskal Herrian bertan zenbat golf zelai itxi behar izan dituzten.

Erretako lur sailak Aroztegiako proiektu guztiari eragiten dio?

Denera, zazpi hektarea erre ziren. Baso lurra da. Proiektuak berez berrogei hektarea zituen. Baina finean proiektua bat eta bakarra da. Ez da lur sailka baloratzen. Berrogei hektarea horietan guztia aldi berean dago, ez dago zatikaturik. Bertzerik da momentu jakin batean eta hemendik urte batzuetarat sustatzaileek luxuzko hotela egin nahi duela dioen proiektua abiarazten baldin badute.