Lagun espainiar bat

Lagun espainiar bat daukat —bat baino gehiago ere bai—. Baina X deituko dugun hau berezia da. Euskal Herriarekiko jakin-min asegaitza dauka, eta aurreiritzi gutxi. Hastapen ona. Bada, Espainia aldeko herri txiki batean izan ginen orain gutxi batera.

Bandera gorri-horiz jositako herri bateko tabernan, sanferminetako txupinazoko ikurrinaren harira galdetu zidan. Eta zinez zaila da azaltzen zergatik jarri zuten ikurrin bat, baldin eta aurretik solaskideak uste badu gure ondoko autonomia erkidegoko bandera dela. Azkenean, asmatu nuen. Bai, gurea ere badela ikurrina, eta nafarrok ere euskaldunak garela eta euskara gure hizkuntza dela, eta horren errepikakor suertatzen diren halako makina bat kontu. Bale.

Behin haritik tira egin, eta ezin izan nion kontatzeari utzi. Arrantzale batzuek jarri zutela ikurrina. Gero, arrantzaleak atxilotu zituztela. Aurretik, haien sakelako telefonoak kontrolatu zituztela. Poliziak espiatu eta kalean hartu zituela atxilo. Behin polizia etxera helduta, hatz markak hartu zizkiela. Auskalo zer zigor eskaera eginen duten orain haientzat.

Solaskidea adi so, olibak jaten, harrituta. Sinetsi ezinik kasi. “Arrantzaleak? Hatz markak? Zer bizi zarete CSIn?”, bota zuen arrapaladan. Nik ezetz, egia dela, baina ez dela hori bakarrik.

Hasiz gero, ez dago gelditzerik. Orduan, beste zerbeza bat eskatu genuen, solasean jarraitzeko. Behin arrantzaleena esanda, Olentzerorena ere kontatu behar: orain dela urte batzuk UPNk Olentzerorekin ateratzea debekatu zuela —aurretik, Olentzero zein den ere azalduta, bai—. Beno, kontua dela Olentzero kalejiran eramaten zutenek ere aurpegia bizar faltsuz estaltzen zutela. Izan ere, kalejiran terrorismoaren apologia egiten zela uste zuten agintariek.

Laguna begiak zabal-zabalik: “Panpina bat kalera ateratzeko ere mozorratu behar?”. Nik, buruaz baietz. “Inauteriak gustatzen zaizkizue, ezta?”, bota zidan. Esan nion kontua hemen aurpegia estaltzea dela. Azken finean, dena delako delitu zibismoaren Iruñean eta reketeen Nafarroan. Kaputxa edo maskara jarriz gero, terrorista zara. Baita jarri gabe ere. Halako aukera zabalarekin zaila da asmatzen.

Orduan, AHTaren kontrako protestarena kontatu nion. Lau ekintzaile direla, aurpegia estali gabe AHTaren makroproiektua kritikatzeko tartak bota zizkiotela Barcinari, eta orain bost eta bederatzi urte arteko kartzela zigor eskaerei egin behar dietela aurre.

X laguna zur eta lur, olibak kontrako eztarritik joanda. Kanpoko elkartasuna bilatu beharko genukeela esan zidan. Nik, baietz. Baina nola apurtu Espainiarekin daukagun komunikazio langa?

Gaur telefonoz deitu dit. Inauteritan arrantzalez jantziko dela esan dit, ikurrinarena ingurukoei azaltzeko. Bada zerbait.