Maxurreneari buruzko galdeketa egitea proposatu du Leitzako alkateak

Leitzako Maxurrenea etxeko erabileraren auzia bizi-bizirik dago. Oier Eizmendi Leitzako alkateak Yolanda Barcina Nafarroako presidenteari eskatu dio Maxurrenearen erabileraren inguruko galdeketa baimentzeko. Leitzako herriak Guardia Zibilaren presentziaren inguruan eginiko galdeketa onar dezala eskatu zion Eizmendik Barcinari. Horrez gain, alkateak zalantzan jarri zituen Barcinaren hitzak. Presidenteak, aurreko egunean, Guardia Zibilak Leitzan egiten duen lanaren zilegitasuna aldarrikatu zuen, gizarte lana egiten duela argudiatuz. Gainera, Barcinak kritikatu zuen alokairua zalantzan jarri dutela Guardia Zibila Leitzan “egotea nahi ez dutenek”. “Leitzako Udalean prest gaude herritarrei hitza emateko”, adierazi du alkateak, eta Barcina eta UPNri eskatu die “luzamendurik gabe bide bera har” dezatela.

Leitzako Guardia Zibilaren kuartela Maxurrenea etxean dago, herriaren erdigunean. Etxearen jabe ohiek Nafarroako Gobernuari utzi zioten etxea, horrek gizarte gaietarako erabil zezan. Gobernuak Espainiako Barne Ministerioari hamar urtez alokatu zion etxea,eta Barne Ministerioak Guardia Zibilaren kuartela ezarri zuen bertan. Iragan irailean, gobernuak beste hamar urte luzatu zion Espainiako Barne Ministerioari etxearen alokairua. Guardia Zibilaren presentziaren aurkako hainbat mobilizazio izan dira azken hilabeteetan.

“Bilduk programa zehatz bat aurkeztu zuen hauteskundeetan; beste hainbat proposamenen artean, Maxurrenea herriarentzat berreskuratzeko lan egitea aurreikusi genuen”, gogoratu du Eizmendik. Era berean, alkateak azaldu duenez, “udalak egin duen gauza bakarra Maxurreneari buruzko herri aldarrikapena garatzea da, eta UPN izan da, bere ekinbidearekin, ez herriak ez udalak nahi ez duten proiektua inposatu duena”.

Maxurrenea etxe zaharra

Maxurrenea etxea 1975. urtean Jose Perurenak eta Victoria Larratek Armazabal herri elkarteari utzi zioten etxea bertan ikasle egoitza edo barnetegia egin zezaten. Hiru urte geroago, Armazabal elkarteak Nafarroako Gobernuari eman zion etxea, jatorrizko jabeek ezarritako baldintza berekin. Beraz, eraikina Hezkuntza Departamenduaren esku geratu zen, eta 1998. urtera arte ikasle egoitza izan zen.

Orduan, Leitzako Udalak Maxurrenea kultur etxea izateko lehen pausoak eman zituen. Baina gobernuak “bere beharretarako” behar zuela esan zion udalari. Urte batzuen ostean, 2002. urtean gobernuak Maxurrenea Barne Ministerioari alokatu zion, eta 2003ko abuztuan Guardia Zibilaren Leitzako kuartela bertara aldatu zuten.