“Orain hogei urte larunbat goizean San Nikolas kalea lepo egoten zen”

“Oro har, lau arrain mota baino ez dira saltzen: legatza, oilarra, hegaluzea eta antxoak. Besteak garaiaren arabera saltzen dira”, ziurtatu du Fernando Lopezek (Iruñea, 1965). Cipriano arrandegia Iruñeko Alde Zaharreko San Nikolas kalean dago. Lopezek ez daki zehazki noiz hasi zen Cipriano arrandegia. Aitonak XX. mendearen hasieran hartu zuen denda. “Gure aita 1933an jaio zen, eta ordurako aitonak bazuen arrandegia”. Lopezek 14 urte zituenetik lan egiten du bertan. Duela hogei bat urte hartu zuen negozioa. “San Nikolas kaleko dendaz gain, Santo Domingoko merkatuan postua dugu, eta Mendillorri sortu zenean beste arrandegi bat jarri genuen bertan. Mendillorrira anaia joan zen, eta San Nikolasen ni geratu nintzen”. Tradizio handiko arrandegia da Cipriano; hala ere, garaiak aldatu egin dira. Saltoki handiak martxan jarri zituztenean asko nabaritu zuten, eta, orain, krisiarekin ahal duten bezala ibiltzen dira. “Orain hogei urte larunbat goizetan San Nikolas kalea lepo egoten zen”. Lopezek dio lehen herrietako jendea Iruñera joaten zela erosketak egitera baina orain saltoki handietara joaten dela, “askoz erosoagoa delako”.

Arrandegiko lana eguzkia agertu baino askoz lehenago hasten da. Lopezek urtebete darama bizkarreko gaitzekin, baina ordura arte egunero 05:15ean esnatzen zen. “Oso goiz dirudi, baina ohitzea besterik ez da”, esan du. Horren ostean, Merkairuñara joaten zen. Bertan, aurreko egunean telefonoz portuetako enkanteetan erositakoa jasotzen zuen. Horrekin batera, Merkairuñan bertan, beste hainbat arrain erosten zituen. Ondoren, furgoneta kargatu eta dendara igotzen zituen erositakoak. Deskargatu, eta 09:00etan denda irekitzen zuen. Gaur egun, Lopez ez da Merkairuñara joaten, baina lan hori beste lankide batek egiten du. Hura dendara zuzenean joaten da. “Orain, ordu eta laurden beranduago esnatzen naiz, eta aldea nabaritzen da”. Gaur egun, krisiak gogor jo ditu haiek ere. Lehen, astearte, ostiral eta larunbatetan lan mordoa zuten. Orain, ordea, erabat irregularrak dira salmentak. “Lehen, ostiralean saltzen zen gehien. Orain, ordea, batzuetan ezer ez eta beste batzuetan gehiago saltzen da”. Urteko garaiaren arabera, alde handia zegoen salmentetan. “Lehen, hilabete batzuetan beste batzuetan halako bi irabazten zen, baina hori jada ez da gertatzen”. Udan nahiko gutxi lan egiten zuten; sanferminetan, ostalaritzarekin baino ez. Baina urri, azaro, abendu eta Gabonetan asko saltzen zuten.

Gabonetan otordu bereziak prestatzen dira beti. Bazkari eta afari horietan arrainak protagonismo handia izan ohi du. Lopezek dio azken urteetan legatza eta txipiroiak izan direla gehien saldu dituztenak. Hala ere, Gabonetan gehien saldu ohi zituzten produktuak bisigua, angulak eta txirlak ziren. “Legatzari probetxu handia atera dakioke. Kiloko bisigu batekin bi edo hiru lagunek jan dezakete; kiloko legatzarekin, ordea, bostek jaten dute”, azaldu du Lopezek. Angulak ere produktu preziatua dira ospakizun egunetan. Garestiak ere badira, baina asko saltzen dira urtero. “Makina bat angula saldu ditugu; ez sinestekoa da”. Behin, duela hogei bat urte, larunbata zen, eta 10:30erako angularik gabe zeuden. Orduan, 20 edo 25 kilo eskatu zituzten. “Angulak 20:00 aldera ekarri genituen, baina denda 17:30etik bete-betea zegoen, eta ez zuen inork erosten. Denak zeuden angulen zain”, kontatu du Lopezek. Mila istorio bizi izan dituzte dendan. Gabonetan eurek zer jaten duten galdetuta, honako hau dio: “Guk sobratzen dena eramaten dugu”.

Orotariko bezeroak

“Ciprianon beti saldu da arrain ona; beraz, garestia ere bada”, dio Lopezek. Bezeroei dagokienez, denetarikoak dituzte. Asko Alde Zaharrekoak bertakoak dira, baina badira Iruñeko beste auzoetatik joaten direnak ere. “Garai batean, beste auzoetatik etortzen ziren arraina erostera. Orain, ordea, ez. Baina Alde Zaharrera etortzen baldin badira, zapatak edo prakak erostera, Ciprianotik ere pasatzen dira. Horiek noizbehinka datozen bezero finkoak dira”, azaldu du. Adin guztietako jendea joaten da Ciprianora. Badira Lopezen aitonaren garaitik bezeroak direnak. Baina adin guztietako bezeroak dituzte. “Gehien erosten duena 40-50 urte arteko jendea da, familia dutelako; adineko jende asko bakarrik bizi da, eta gazteak bakarrik edo bikotekidearekin bizi dira”. Ostalaritzarekin ere lan egiten dute: fakturazioaren %25ek ostalaritzako bezeroengan du jatorria.

Arraina prestatzea ez dela erraza dio Lopezek. “Kontu apur batekin lantzen ez bada, oso erraz apurtzen da. Haragiarekin ez da horren tentuz ibili behar; bi kolpe emanda ere ez da apurtzen”, dio Lopezek. Baina uste du ikastea eta praktika pixka bat besterik ez dela behar. Umeak ere arraina jaten txikitatik ohitu behar direla dio Lopezek, zaporea ezagutu eta hezurrak kentzen ikas dezaten. “Nik baditut nire adineko lagunak hezurrengatik arrainik jaten ez dutenak”.