UPNk errua “betikoei” leporatzeko aitzakiaz harago, hausnarketarako aukera ere utzi digu hainbat ezezagunek San Ferminen estatuaren beira-arasaren aurka egindako erasoak. Zehatzago, egindako pintaketak. El museo de Sto Fermin el de 6,6 millones. Non da?, hizki beltzez, eta nahasketa linguistiko arraro samarrean. Eta horren aurrean Nafarroa Baik kaleratu oharrak harritu nau. Pintaketa horrek “eraso bandalikoa” sanferminen museoaren kontrako kritikarekin —horraino, ados— eta euskararekin lotzen dituela dioelako harritu nau. Euskararen arrastoa mugatua da pintaketan: bi hitz. Eta, hala ere, ekintza bera euskararekin lotzeko nahikoa.
Absurdoa litzateke galdetzea berdin gertatuko ote litzatekeen mezua gazteleraz balego. Ekintza “bandalikoa” gaztelerarekin lotuko ote litzatekeen, alegia. Nabarmenegia litzateke erantzuna: ez. Eta NaBaik egindako adierazpen horien aurrean nire jarrera zein den argitzen saiatu naiz, ados ala kontra nagoen, alegia. Ez da lan erraza.
Hasiera batean, baten bat UPNren dena denarekin nahasteko tranpan erori zela pentsatu nuen. Amorratzen nau euskaraz egiten den oro euskararekin lotu behar izateak. Egoera normalizatu batean pintaketa bat hori baino ez litzateke: pintaketa bat, aldarrikapen bat, hizkuntza bat ala beste. Baina gure hizkuntza ez dago normalizatua, txikitua baizik, menpekoa. Eta hortaz, gustatu ala ez, euskaraz egiten dugun orok badu bestelako karga bat ere. Gaur egungo Iruñean, pintaketa bat —ordezkatu pintaketa hitza antzerki, pelikula edo elkarrizketa batengatik— euskaraz egiteak badakar hizkuntzaren aldeko jarrera bat ere, hautu bat, aldarri bat. Euskaraz egitea, nahi eta nahi ez, ekintza politikoa bihurtu dugu, halabeharrez.
Hortaz, pentsa liteke baietz, baduela bere logika edukiaz harago, edozein ekintza, euskaraz bada, hizkuntzarekin lotua izateak. Baina bada beste elementu bat, euskaldunon konplexuekin lotua. Etsaia, hizkuntza nagusitua seduzitu nahi dugu, gure aurpegirik ederrena erakutsi, akatsik gabe. Gure txikitasuna irentsita jokatzen dugu, besteak zer esanen duenari begira, besteak zer pentsatu. Gaizki eginda dagoenak, euskaraz bada, lotsatzen gaitu. Hizkuntza nagusiak beraienera doaz, inori ezer demostratu beharrik gabe. Bortxatzaile batek gazteleraz egiteak ez dio kalterik egiten gaztelerari; euskaraz egiteak euskarari, bai.
Beste ezer baino gehiago, ideia ezberdinen zurrunbiloa da hau, erantzunik gabeko hausnarketa. Galdera bat airera, besterik ez: gure egoera ez-normalizatuaren arabera jokatu beharko genuke, ala handien parera bageunde bezala jardun? Ni, ezer erantzun aurretik, artikulu hau bukatzera noa, jakitun diodanaz gain baduela bestelako garrantzirik: euskaraz idatzia dagoela.