Nerabeek erronkaz beterik daukate etorkizuna. Askatasuna eta arriskuak behar bezala kudeatzen jakitea da gakoa. Baina zenbait gazte arazoak izaten hasten dira adin horretan. Drogak, harreman arazoak, gurasoekiko gaizki-ulertuak… Sarritan, arazoak apur-apurka sortzen dira, Marisa Aristuk ohartarazi duenez. Gizakia Helburu fundazioko Suspertu programaren arduraduna da Aristu. Nerabeentzako eta haien senideentzako programa bat da. Heziketan, hezkuntzan eta prebentzioan egiten dute lan gehien Suspertuko terapeutek.
2012ko datuak argitara eman berri dituzte. Portaera arriskutsuak zituzten 113 adingabe artatu zituzten, eta horietatik 71k hartu zuten parte programan. Baina 1997an Suspertu abian jarri zenean artatu zituztenekin alderatuta —37 izan ziren orduan—, zenbatekoa ia bikoitza da. Fundaziora laguntza eske joaten zirenen artean nerabeak eta haien gurasoak gero eta gehiago zirela ohartu, eta erabaki zuten Suspertu sortzea. Halako programen beharra nabarmendu du Aristuk, jokoan etorkizuneko gizarteko kideen oraina eta geroa dagoelako.
Batez ere, Suspertu programa jokaera arriskutsuak dituzten 13 eta 20 urte bitarteko gazteentzat da. Aristuk ohartarazi duenez, gazteek arazoak izan arren, familia eta gizarte oinarriak sendoak izaten dituzte. Hala ere, azaldu du normalean gurasoek jotzen dutela eurengana laguntza eske; drogak kontsumitzen dituzten nerabeen gurasoek. “Hasieran, nerabeak behartuta eta gogo txarrez etortzen dira; gainera, askok ukatu egiten dute arazoa”.
Nerabeei dagokienez, jarrera arriskutsuak murriztu eta horiei aurre egitea da helburu nagusia. Horretarako, babesteko faktoreak eratzen dituzte, besteak beste. Horiez gain, programan arazoak dituzten nerabeen gurasoak ere artatzen dituzte. “Laguntza behar duten gurasoen heziketa gaitasunak eta baliabideak garatzeko egiten dugu lan, batez ere”, dio Aristuk.
Maria Ruiz nerabezaroan dauden gazteekin aritzen da, psikologo gisa. “Gurera etortzen den nerabeari arazo bat duela ohartaraztea izaten da zailena”, aitortu du Ruizek. Programan batez ere prebentzioa lantzen dela azaldu du. “Gaitasun pertsonalak garatu ditzaten, eremu garrantzitsuenetan esku hartzen dugu”. Dena den, argitu duenez, lehen pausoa nerabearekin hitz egitea izaten da. Lehenengo elkarrizketa edo bilera hori nerabearekin soilik egiten dute, beren ikuspuntua ezagutzeko eta, nolabait, guraso edo tutoreen eragina ahalik eta txikiena izateko. Hala ere, guraso edo tutorearekin harreman estua izaten dute, eta behar izanez gero haiei laguntzeko arreta zerbitzua ere badute programan.
Ruizek kritikatu egin du azkenaldian nerabeen inguruan hedabideetan eta bestelako eragileetan helarazi den mezua. Izan ere, ohartarazi du nerabeen gutxiengoa dela drogak hartu edota jokaera arazoak dituztenak. Suspertu programan parte hartzen duten gazteen artean, dena den, hainbat ezaugarri nabarmendu ditu: autoestimu baxua, frustraziorako gaitasun gutxi, eskolako zailtasunak eta taldearen eragina. Egoera hori bideratzea ez dela batere xamurra izaten aitortu du Ruizek. “Hilabete eta urte luzeetako lana egiten dugu arazoak dituzten nerabe horiek jokaerak eta jarrerak aldatu ditzaten”.
Nerabeen profila
Ruizen arabera, ez da komeni orokorkerietan aritzea droga kontsumoarekin edota jokaera arazoak dituzten nerabe eta gazteen profilen inguruan. Izan ere, Suspertura joaten diren askok arazo bat baino gehiago izaten dituzte, askotan batak bestea dakarrelako. Batez beste, Suspertun iaz artatutako 71 gazteek 16,6 urte zituzten. Ruizek argitu duenez, batez besteko hori normalean 17 urteren bueltan ibiltzen den arren, urtetik urtera programan parte hartzen dutenak gero eta gazteagoak dira.
“Generoari dagokionez, nabarmen handitu da programan parte hartu duten emakumezkoen kopurua, eta iruditzen zaigu arretaz begiratu beharreko fenomenoa dela”, ohartarazi du Ruizek. Hala ere, joera hori Gizakia Helbururen beste programa batzuetan ere atzeman dutela gaineratu du. Esaterako, gero eta gehiago dira drogak kontsumitzeari uzteko Lizarran duten egoitzan egonaldiak egiten dituzten emakumezkoak.
Oro har, gazteek programan parte hartzeko arrazoi nagusia droga kontsumoa da. Baina beste zio nagusien artean familiako gatazkak daude. Ruizen arabera, “sarritan, gazteek euren jarrera aldatu egiten dute apurka-apurka, eta horrek txartu egiten du familian duten giroa”. Hala ere, askotan droga kontsumoak berak ere arazo gehiago eragiten dituela ohartarazi du, tartean justiziarekiko arazoak eta eskola porrota.
Aristuk azaldu du koordinazio lana dela Susperturen arrakastaren gakoetako bat. Izan ere, gazteak artatzeaz gain, haien gurasoei ere laguntza ematen diete. 2012an, 122 familiari eskaini zieten laguntza. Azken urteetan pixkanaka-pixkanaka laguntza eskatzen duten familien kopurua murriztu den arren, euren lana aldarrikatu du Dani Zunzarrain-ek, sendien arretaz arduratzen den terapeutak. “Gurera etortzen diren gurasoak oso kezkatuta etortzen dira, euren seme-alaben egoeraz erabat jabetuta daudelako”, azaldu du. Helburu nagusia gurasoen eta gaztearen arteko harremana hobetzea da. Horregatik, gatazken ebazpenean ahalegin handia egiten dutela jakinarazi du Zunzarrainek.
Sonia Iturain psikologoak jakinarazi duenez, gurasoak sarritan ezkutatzen saiatzen dira seme-alabekin dituzten arazoak. Azken urtean, guraso horien errealitatea ezagutzeko ikerketa bat egiten aritu da buru-belarri. “Ohartu gara gurasoen egoera psikologikoa dezente okertzen dela seme-alabekin dituzten gatazkak direla-eta”, dio Iturainek.
Suspertun parte hartzen dutenek gizartearen egoera nolakoa den ere islatzen dute. Esaterako, oraindik, emakumeak dira laguntza eskatzen duten gehienak. “Badirudi ez dela erabateko berdintasuna lortu, eta oraindik emakumezkoak kezkatzen dira gehien euren seme-alaben heziketaz”, dio Arituk. Datuen arabera, laguntza eske joaten direnen %55,1 emakumezkoak dira. Iturainek gaineratu duenez, urtetik urtera gurasoen egoera gero eta ezegonkorragoa da, eta “langabezian daudenen kopurua, gero eta handiagoa”.
Baina, Iturainek aitortu duenez, ikerketaren fokua gurasoen egoera psikologikoan jarri du. Izan ere, ikerketa abian jarri aurretik, Suspertuko profesionalak ohartuta zeuden gurasoen egoerak nabarmen egiten zutela hobera programa amaitu ostean. Hain justu, hori da Iturainek islatu duena. Adierazi duenez, sarritan gurasoek seme-alabekin dituzten arazoak somatizatu egiten dituzte. “Gurera lehenengoz etortzen direnean guraso askok diote ohetik jaikitzea izugarrizko ahalegina dela”, ohartarazi du terapeutak. Baina terapiak aurrera egin ahala egoera izugarri hobetzen dela dio. “Egindako ikerketaren bitartez jakin dugu terapia gurasoen kasuan eraginkorra dela”.
Hala ere, Aristuk argitu du Suspertu programan parte hartzen duten gazte guztiek ez dutela euren egoera bideratzea lortzen. “Badira batzuk euren egoera ukatu egiten dutenak eta terapia egiteari uzten diotenak, baina ziur gaude gure eragina hor gelditzen dela”. Baina beste kasu askotan, Suspertuko terapeutak gazteen erreferente ere bilakatzen dira. Izan ere, arazo edo egoera berri baten aurrean daudenean laguntza eske joaten direla ohartarazi du Maria Ruizek.
Terapeuta eta gazteek laguntasunaren antzekoa den harremana lortzen dute. “Behin baino gehiagotan pasatu zait gazte batek deitzea gomendioren bat eskatzeko eskolan edota lanean bizi duen egoera baten inguruan, eta horrek profesional gisa eta pertsona gisa izugarri betetzen du”, dio Ruizek. Dena den, noiz edo noiz porrot egin izanak terapeutei ere frustrazioa eragiten die, nahiz eta emaitza onak halako egoerei aurre egiten lagungarriak suertatzen diren askotan. “Porrot egin arren, zerbait ikasiko zutelako esperantza beti izaten dut”, adierazi du, zintzo, Ruizek.
Arazoak dituzten gazteak eta gurasoak artatzeaz gain, Iruñeko Zaragoza etorbidean duten egoitzatik at dozenaka hitzaldi ematen dituzte urtero, drogen inguruan gehienak. Garikoitz Mendigutxia da alor horren arduraduna. Dioenez, ikastetxe gehienek drogen inguruko hitzaldiak emateko eskatzen diete. Hala ere, tailerrak ere ematen dituzte. Iaz, esate baterako, 40 hitzaldi eta 24 tailer praktiko eskaini zituzten. Ildo hori lantzen jarraitu beharra dagoela onartu du Mendigutxiak, nahiz eta egoera batzuk bideratzeko informazioa soilik ez den nahikoa izaten.
Ikerketa gehiago
Urte andanako esperientzia dute Suspertu programako profesionalek. Esperientzia horrek erakutsi die gazteen artean gutxiengo batek dituela halako arazoak. Hala eta guztiz ere, ezinbestekoa iruditzen zaie bestelako errealitateak badaudela ohartaraztea, gurasoek epe laburrean sor daitezkeen arazoei aurre egiteko. Baina argi utzi dute drogak kontsumitzen dituzten gazteak gutxiengoa direla. Sarritan, kontsumoa bestelako arazoak ezkutatzeko bidea izaten da. Epe motzeko helburu gisa, gurasoekin egindako ikerketa bera egin nahi dute zerbitzuan artatzen dituzten gazteekin ere. Gazteek ezintasun eta mendekotasun sentimendua gainditzea lortzen dutenean beste bide bati heltzen dietela frogatu nahi dutelako. Dagoeneko hasi dira lehenengo datuak biltzen, eta heldu den urterako lehen ondorioak izatea espero dute; batez ere, lanerako baliabide “garrantzitsua” izango delako.