Iruñerriko garraio zerbitzuan 3,95 milioi euroren zorrak aurreikusi ditu TCC enpresak

“Neurriak hartu beharra dago”. Hala adierazi du ohar bidez TCC Iruñerriko autobus zerbitzua kudeatzen duen enpresa pribatuak. Antza denez, neurriak hartzen ez badira, lau urteren buruan 3,95 milioi euroren galerak izango dituztela aurreikusi dute. Egoera bideratzeko asmoz, enpresak proposatu du heldu den urteetarako langileen soldata %5 murriztea eta lanaldia 40 ordura txikitzea.

Neurri horien harira, heldu den asterako lanuzte partzialak deitu dituzte Iruñerriko autobus zerbitzuan lan egiten duten langileek. Hala, zerbitzua etengo dute azaroaren 19an, 07:30etik 09:30era eta 18:00etatik 20:00etara. Azaroaren 21ean ere lanuzte partzial berberak izango dira. Jose Iribarren UGT sindikatuko kidearen arabera, “ez dugu soldatak igotzea nahi, egun dauzkagun lan baldintzei eustea baizik”.

TCC enpresaren datuen arabera, krisi ekonomikoak gogor jo du garraio publikoaren sektorean ere. Ohartarazi duenez, 2008tik 2013ra bitarte, 4,7 milioi bidaiari galdu dituzte. Konpainiak jakinarazi duenez, bidaiari galerak zuzenean eragin die.

Enpresak esanagatik egungo baldintzetan zerbitzua ez dela “bideragarria”, Iruñerriko Mankomunitateak egindako kalkuluen arabera, 2012tik 2016ra bitarte, TCC enpresak 2,6 milioi euroren irabaziak izango ditu.