Aldaketa sozialaren beharra aldarrikatu dute Gizakia Herritar fundazioko kideek

“Krisia albo batera uzten ari da gizartearen zati bat”, hori uste du Patxi Lasak, Gizakia Herritar fundazioko presidenteak. Bost urte bete berri ditu Gizakia Herritar fundazioaren mendeko Paris 365 elkartasun jantokiak. Aldaketa sozialaren beharra nabarmendu dute fundazioko kideek, eta kritikatu egin dute instituzioak krisia nola kudeatzen ari diren. “Lehenengo, esaten zuten krisirik ez zegoela; gero, baietz, baina denbora gutxirako bakarrik, eta bitartean, legedia gero eta zorrotzagoa egiten ari dira. Ezagutzen genuen ongizate estatua desagerrarazi dute”, esan du Lasak.

Azken 21 hilabeteetako balorazioa egin dute fundazioko kideek. Pozik daude euren lanarekin; besteak beste, bost urtean 47 pertsonarentzako aldi baterako lana lortu eta 111.000 bazkari eta afari eman dituztelako. Datozen urteetarako, hiru proiektu berri dituzte esku artean: eskaintzen dituzten zerbitzuen kalitatea egiaztatzea, Europara hedatu eta lan egitea, eta gizarte ekintzailetasuna garatzea. Horrez gain, hurrengo urtean bulegoak eta jantokia lekuz aldatuko dituzte. Bazkideak lortzeko kanpaina jarriko dute martxan urte berriarekin batera. Egun, 415 bazkide inguru ditu Gizakia Herritar fundazioak, eta bi urteko tartean 1.000 izatera heldu nahi dute.

Bost urte pasatu dira Paris 365 elkartasun jantokia martxan jarri zuenetik Gizakia Herritar fundazioak. Baina geroztik beste hainbat ekinbide eta proiektu eraman dituzte aurrera. Fundazioak sei proiektu ditu martxan momentu honetan. Jantokia inauguratu zutenetik 111.000 afari eta bazkari eta 23.203 gosari eman dituzte. Orotara, 1.293 pertsonari eman diete jaten. Elikadurarekin lotua, Oinarrizko Saskia egitasmoa ere martxan dute: horren bitartez, hamabost egunean behin, diru sarrera txikiak dituzten 63 familiari jaki saski bana ematen diete.

Iaz, martxan jarri zuten Txoko Txiki Paris 365 proiektua. Bertan, 35 familia eta 59 umek parte hartzen dute. Txoko txiki integrazio gune bat da. Horretarako, jolas baliabideak eta hezkuntzakoak, jolasak, tailerrak, txangoak, hiri kanpalekuak eta umeentzako laguntza eskolak eskaintzen dira. Horren bitartez, umeak ludotekan dauden bitartean, gurasoek lana lortzeko ikastaroak jaso edo lana bila dezakete.

Hala ere, fundazioko kideek uste dute enplegua dela heldu beharreko gai nagusia. Haien aburuz, enplegu bat lortzean pertsona bakoitzak bere bizitza berrantolatzen du, inoren laguntzarik gabe. “Arazo nagusia lanik eza da. Laguntza eske datorren jendea ez da etortzen erosotasunagatik edo alferkeriagatik, jende askok arduragabeki hala esaten badu ere. Lanik ez duelako etortzen da”, azaldu du Lasak.

Enplegua sortzeko helburuarekin Paris 365 Catering iraunkorra sortu zuten. Janari zerbitzu horri esker, 30 pertsonak lana lortu dute. Horrez gain, Taldeentzako Sukaldaritza tailerren bitartez, 15 pertsonak aldi baterako lanaldia izan dute. Nabarmentzekoa da, era berean, 2013ko abuztutik urrira bi lanpostu sortu zituztela San Andres Errota ostatuaren kudeaketa aurrera eramateko.

Bide horretatik jarraitzeko, etorkinentzako aholkularitza zerbitzua eta Paris 365 Bizikasi institutua dituzte. Lehenengoan, etorkinei aholkularitza juridikoa ematen diete, euren egoera hobetu ahal izateko. Bizikasi institutuan, ordea, hainbat prestakuntza ikastaro eskaintzen dituzte.

Eurek egindako lanarekin pozik badaude ere, oraindik egiteko asko dagoela uste dute fundazioko kideek. Iruñerrian jende askoren egoera gero eta gordinagoa dela ohartarazi dute. Hori ikusirik, gizarteari gogoeta “zintzoa” egiteko eskatu diote.