Bertako sorkuntzaren lekuko

Aniztunak. Hala definitu ditu Maier Velez EHAEO Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko kideak 2013ko sariketan parte hartu duten arkitektura lanak. Guztiak Iruñeko Baluarte jauregiko Harresiaren Aretoan daude ikusgai, Gure arkitektura izenburupean. Orotara, 206 lan aurkeztu dituzte sariketaren 11. ediziora. Manuel Paja Fano elkargoko dekanoaren arabera, “lan horiek agerian uzten dute jakinduria eta eguneroko lan ona, ez bakarrik norberaren trebezia erakusteko obretan, baizik eta baita eraikuntza enkargu txikietan, birgaikuntza zainduetan, hirietako esku hartzeetan eta kultur argitalpenetan ere”. Izan ere, beste behin arkitektoen zeregina aldarrikatzeko balio izan du sariketak.

Velezek argi dio ez dagoela euskal arkitektoak bereizten dituen estilo konkreturik. Berretsi du ez dagoela korronte zehatzik. Gainera, ohartarazi du arkitektura ez dela etxe berriak diseinatzera soilik mugatzen. Horren adierazle da 2013ko sariketara aurkeztutako lanen artean sariren bat jaso duten lanak biltzen dituen katalogoa. Orotara, hamar sail prestatu dituzte, tartean, bizitoki eraikuntza, hornidura eraikuntza, zaharberritze proiektuak… Badira saritu gabe gelditu diren hainbat sail, lurraren antolaketari eta eraikuntza industrialei dagokienak.

Saritutako lanen bat nabarmentzea zaila egiten zaio Velezi; dioenez, “denek dute berezitasunen bat”. Baina ziurrenik berezienak erakusketaren azken txokoan daudenak dira. Diseinuaren sailean aurkeztutako bi lan daude. Alde batetik, Vaillo+Irigaray Architects taldeak Alvarno arropa diseinatzailearekin gauzatutako proiektuko hainbat adibide daude. Madrid Fashion Week moda desfilean aurkeztu zituzten euren proposamenak. Arkitekturako ezagutzak moda diseinuko oinarriekin uztartuta, kortse bereziak ekoiztu dituzte. Velezek argi utzi du arkitektura bestelako diziplinekin lan egiten ohitua dagoela, eta proiektu hori adibide gisara jarri du.

Proiektu horrez gain, txoko berezia dauka erakusketan kortseen sail berean aurkeztutako Dvelas proiektuak. “Arkitekturaren barnean elementuak berrerabiltzen direla frogatzen da proiektu honetan”, azaldu du Velezek. Izan ere, Enrique Kahle diseinatzailea belaontzietako haize oihalei beste erabilera bat bilatzen saiatu da, baita topatu ere. Etxerako hainbat altzari diseinatu ditu, tartean, terrazan etzanda egoteko aproposak diren etzaulkiak, pufak eta arropa zintzilikatzeko esekitokia. “Ziurrenik erakusketaren zati hau da bereziena”, adierazi du Velezek.

Kasu horretan bezala, saritutako beste hainbat proiektu Nafarroakoak dira. Gainera, ziurrenik Berriozarko Urtxintxa haur eskola izango da proiekturik koloretsuena, zeinak hornidura eraikuntzen saria irabazi duen. Javier Larra, Iñigo Begiristain eta Iñaki Bergera arkitektoen lana da. Eraikinaren kanpoaldea hamaika kolorez osatutako xaflez egina dago. Horregatik, eraikinaren ondotik igarotzen direnen arreta erakartzen du eraikinak. Gainera, halako eraikinak diseinatzerakoan haurren eta irakasleen beharrizanak oso kontuan hartzen direla jakinarazi du Velezek.

Ibilbidea hirian barna

Hala ere, badira sarritan oharkabean pasatzen diren hainbat lan. Sarritan, arkitektoek eta proiektuen arduradunek diseinatutako azpiegiturek ingurunearekin bat egitea nahi izaten dute. Hori gertatzen da, esaterako, Labriteko harresiekin. Zaharberritu zirenean, Labriteko aldaparen alde banatan gelditzen diren aldeak pasarela batez batu zituzten. Hain justu, Carlos Pereda, Oscar Perez eta Ignacio Oliteren proiektu horrek irabazi du hirigintza eta diseinuaren saria EHAEOren sariketan. Velezek argi dio harresien inguruan dagoen ibilibideari “jarraibidea” ematea lortu dutela.

Bi urteren buruan egingo dute EHAOEko sariketen hamabigarren edizioa, arkitektura eta harekin lotutako gainontzeko diziplinetan Euskal Herrian egin dena ezagutarazteko.