EHEko kideek itxialdia egingo dute asteburuan

Nafarroako Auzitegi Nagusiak EHE Euskal Herrian Euskaraz-eko kide Itziar Claver eta Haizea Ramirez de Alda zigortu zituen, zirkulazio seinale batzuk ezabatu izana leporatuta. 6.000 euroko isuna ezartzeaz gain, 48 orduz lokalizatuta egotera zigortu zituen epaileak. Hala, zigorra bakoitzak bere etxean bete ordez, Altsasuko Gure Etxean beteko dute asteburu honetan, euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Gainera, Euskaraz bizitzeari zigorrik ez! Ezabatu eta euskaraz bizi! lelopean, manifestazioa abiatuko da bihar, 18:30ean, Altsasuko Foruen plazako Gure Etxea eraikinetik.

Aste osorako hainbat ekitaldi antolatu ditu EHEk, Claverren eta Ramirez de Aldaren zigorren harira: tailerrak, hitzaldiak, triki-poteo informatzailea, dokumentalen proiekzioa… Bi auzipetuen arabera, “paisaia linguistiko arrotza euskaldunon zapalkuntzaren beste erakusgarri bat da, eta Ezabatu eta Euskaraz Bizi ekimenak hori aldatzea du helburu”. Ekinaldi horretan parte hartu zutela argudiatuta zigortu ditu justiziak, baina bi ekintzaileek jakinarazi dute zigor horiek ez dituztela onartzen. Hala eta guztiz ere, betetzera behartuta daudenez, gaur gauerditik aurrera itxialdia egingo dute Gure Etxean, igande gauerdi arte. Modu horretan, zigorra bakarrik bete beharrean, EHEko gainontzeko kideekin eta euskalgintzako beste eragile batzuen babesean beteko dute.

Modu horretan, Altsasuko bi gazteen zigorraren antzekoa jaso dutenei elkartasuna adierazi nahi diete, eta eurena bezalako jarreren alde egiteko eskatu diete euskaltzale guztiei. Euskaltzale aktiboaren garrantzia nabarmendu dute: “Euskaltzale konprometitu eta aktiboa, Euskal Herri euskalduna, euskaraz biziko den herri euskalduna eraikitzen jarraitzeko”.

Euren ideiekin irmo

Nahiz eta euskararen alde egindako ekintzengatik zigor gogorrak jaso dituzten, Claverrek eta Ramirez de Aldak ohartarazi dute ez dutela inolako asmorik orain arte jarraitutako bideari uko egiteko. “Euskaraz bizitzea desobediente izatea bada, desobediente izaten jarraituko dugu”. Euskal Herria eta euskaldunak Madril eta Paristik etorritako legeen bitartez asimilazio prozesuaren barnean daudela salatu dute. Gaineratu dute administrazioek berek urratzen dutela herritar orok administrazioan euskaraz jarduteko duen eskubidea.

Beraz, EHEk dei egin du Altsasuko Foruen plazako Gure Etxea eraikinetik bihar 18:30ean abiatuko den manifestazioan parte hartzeko. Taldeko Altsasuko bi kideei elkartasuna adierazteaz gain, Euskal Herrian euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatuko dute, Euskaraz bizitzeari zigorrik ez! Ezabatu eta euskaraz bizi! lelopean. Manifestazioaren aurretik, bertso bazkaria izango da Gure Etxean, 14:30ean. Iluntzean, 20:00etan, pintxo-potea izango da Gure Etxean, han 48 orduz itxita egon behar dutenei elkartasuna adierazteko. Horren ostean, 23:00etan, Kinada taldeak kontzertua eskainiko du.