“Fisioterapeutok ezinbestekoa dugu etengabeko formakuntza”

“Jendea gugana dator osasun arazo bat duelako, hori kontuan izan behar dugu beti”, dio Garazi Subiza fisioterapeutak (Iruñea, 1989). Osasunaren arloan lan egitea erantzukizun handia dela uste du. “Fisioterapeutok, medikuek eta erizainek bezala, ezinbestekoa dugu etengabeko formakuntza”. Horretan ari da, lanean dabilen bitartean. Krisia nabari badute ere, euren lana gero eta ezagunagoa eta errespetatuagoa dela uste du Subizak. “Gero eta informazio gehiago dago, baina instituzioek lan handiagoa egin beharko lukete gure lana ezagutarazteko. Adibidez, jendeak ez du zertan jakin buruko mina fisioterapiaren bidez ken daitekeela; ibuprofenoa hartzen dute, eta listo”. Gainera, osasun zientzien artean fisioterapia gutxietsia dagoen arloa dela uste du. Horren adibide moduan, fisioterapiak arlo publikoan duen presentzia eskasa jarri du. “Egun, gure lana egiteko askoz aukera gehiago daude arlo pribatuan publikoan baino. Eta ez da eskari faltagatik”.

Subizak batxilergoa bukatu zuenean ez zuen oso argi zer ikasi nahi zuen. Osasun zientziak gogoko zituen, baina hortik aurrera zalantzak ugariak ziren. “Pixka bat itsuki sartu nintzen. Ikasketak bukatu ostean konturatu naiz zer diziplina ezberdinak diren fisioterapia, erizaintza eta medikuntza. Baina erabakitzeko garaian ez nuen horren argi”, azaldu du. Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikasi zuen, Tuterako campusean. Ikasketak bukatu, eta hilabete batzuk barru lanean hasi zen. “Osasunbidean hasi nintzen; lehenengo eta behin ospitaleetan, eta gero zenbait osasun etxetan. Azkenaldian arlo pribatuan baino ez dut lanik aurkitu”. Bere lana ganoraz egiteko sektore pribatuan lan egin behar duela uste du Subizak, eta horrek amorratzen du. Gainera, kontsulta pribatuetara joaten den jende asko lehenago zerbitzu publikoetatik pasatu delako.

Orotariko jendea joaten da fisioterapeutarenera. Badaude klinika espezializatuak, besteak beste, ginekologian, pediatrian eta kirol munduan. Horietan, bakoitzaren alor zehatzeko patologiak tratatzen dituzte. Subiza ez da oraindik espezializatu, eta, egun, askotariko kasuak ikusten ditu. Baina badira behin eta berriz errepikatzen diren gaitzak, hala nola bizkarreko minak, gerrialdekoak, zerbikalak, buruko minak, laneko eta kirol munduko lesioak, tendinitisak eta ziatikak. Adin guztietako jendea joaten da horrelako zentroetara, eta gazteak gero eta gehiago dira. Baina, Subizaren aburuz, hori ez da gazteak gero eta okerrago daudelako, baizik eta informazio gehiago dutelako.

Hala ere, Subizak uste du oraindik ere jendeari fisioterapeutarenera jotzea kostatzen zaiola, eta hori gizartean errotuta dauden ohiturengatik dela dio. “Medikuntza tradizionalean oinarritutako osasun sistemak, oro har, mediku eta botikei indar handia ematen die, eta osasun arloko bestelako zientziak bigarren mailan uzten ditu”. Hala ere, mina denean Subizak azken momentura arte ez itxoitea gomendatzen du. Baina hori baino garrantzitsuagoa prebentzioa dela dio. Hiru puntu jotzen ditu Subizak beharrezkotzat, gorputzeko gaitzak saihesteko. Lehenik eta behin, ariketa fisikoa eta luzaketak egiteko ohitura hartzea. Horrekin batera, elikadura zaintzea aholkatzen du Subizak. “Elikagai motak eta prestatzeko modua zaintzea, garaian garaiko elikagaiak kontsumitzea eta otorduak errespetatzea gure gorputza zaintzeko gakoak dira”. Azken aholku moduan, bakoitzaren egoera psikosoziala zaintzea gomendatzen du. Hau da, egunerokotasuneko estresak eta arazo emozionalak bideratzeko modu eraginkorra izatea.

Etenik gabeko ikasketa

“Fisioterapiak etengabeko formakuntza eta birziklapena eskatzen du”, esan du Subizak. Hainbat kurtso egin ditu, eta, horrez gain, Osteopatia ikasketak egiten ari da. “Gehiago dakidan heinean, konturatzen naiz oraindik ikasteko zenbat geratzen zaidan”, aitortu du Subizak. Oraindik alorren batean espezializatu ez bada ere, lan egiteko modu batean espezializatzen ari da. Horregatik, Osteopatia ikasketak egiten ari da, bere ezagutzak osatu eta aberasteko. Zientzia zabala baita fisioterapia, eta beste hainbat zientziatatik edan dezake. Horrekin lotuta, Subizak gogoratu du masajeak eman baino gauza gehiago egiten dituztela. “Masajea oso baliagarria den teknika bat da, baina, beste askoren artean, beste teknika bat baino ez da”.

Fisioterapeutek jendearen osasunarekin lan egiten dute. Hori kontuz ibiltzeko gaia da. Askotariko jarrerak ikusi ditu pazienteen aldetik. Gainera, pazientearen jarrera giltzarria da norberaren gaitzek hobera egin dezaten. Hori lortzeko, kontsultara joaten direnen konfiantza lortzea da Subizak bilatzen duena. “Bakoitzari zer gertatzen zaion eta zer egingo diodan azaltzen diot. Pazienteak jakin behar du zergatik ukitzen diozun hanka. Informazioa ematea gakoa da”.