Euskarak ez du ezertarako balio”. Mila aldiz entzun dudan esaldi madarikatua. Pozoitutako hitz-jarioa. Oraingoa bestelakoa izan da, ordea. Astean bitan hamar urteko mutil bati eskola partikularrak ematen dizkiot. Denetarik pixka bat: matematika, euskara, gizarte, eta abar. Oso mutil argia da David; tarteka alfer xamarra, baina argia. Orain arteko eskolak aberasgarriak izan dira, eta, egiari zor, ez dakit zeinek ikasten duen gehiago, berak edo nik.
Afera duela astebetekoa da. Dena ongi zihoan, harik eta astearteko eskolara David erdi haserre etorri zen arte. Ortzegunean euskarako azterketa zuela jakinarazi berri zioten. Trantze galanta harentzat, antza. “Ez da bidezkoa, ez dut ulertzen zergatik egin behar dugun azterketa bat, ezertarako balio ez badu”. Tonu altu batean egindako iruzkin hari susmo txarra hartu arren, egoera lasaitzen saiatu nintzen. Elkarrekin ikasiko genuela, eta horrela ordura arte ikasitakoa errepasatuko genuela erran nion, baina alferrik.
“Ez zait hizkuntza txatxu hori gustatzen”, bota zidan halakoan. “Gainera, ez du ezertarako balio, ni ez naiz euskaraz bizi”, jarraian. Ez zen lehen aldia horrelako zerbait entzuten nuena, baina Daviden hitzek are gehiago mindu ninduten. Bihotz erdian suzko sastada sartu zitzaidan momentu horretan. Agian azterketarengatik zen, baina gorrotoa sentitu nuen bere begietan. Benetan ari zen. Hori da inguruan txikitatik erakutsi diotena, eta hori da bere barrutik ateratzen dena. “Ingelesa da ikasi behar dudana, ez euskara”. Atsekabeturik gelditu nintzen, baina atsekabe horrek ezin zituen nire hitzak isilarazi.
Egoerari nola hala buelta ematea zen zegokidana. Baina nola erran hamar urteko ume bati euskara bezalako perla bat ez dela hondartzako edozein ostratan topatzen? Nola egin aurre hamar urtetan erakutsi diotenari? Pixkanaka.
Lehenik eta behin, euskaraz bizi daitekeela erakutsi nahi nion. Horretarako, Zegama bezalako herri euskaldun batera eramateko gogoa sartu zitzaidan, baina ideia hori berehala kendu nuen burutik. “Gasteiz ere Euskal Herria da, zer demontre!” Azterketarako ikasi beharra zuela ahaztu gabe, Gasteizko Alde Zaharrera joan ginen, freskagarri bat edatera. Davidi euskaraz eska zezan gomendatu nion. “Euskaraz erantzun dit”, aipatu zidan harriturik. Horrelako zerbait gertatzen zitzaion lehen aldia zirudien.
Freskagarria hartu, eta etxera joan ginen indarberriturik. David irribarretsu zegoen. Dena dela, liburu artera itzulita ez zen isilik geratu: “Tabernan ulertu didate, baina, halere, oso gutxik hitz egiten dute hemen euskaraz”. Datu horrek zenbait kasutan abantaila ere ematen zigula xuxurlatu nion, erdi txantxetan. “Inork ulertzerik ez badu, errazago kontatuko dizkidazu zure sekretuak”. Barre egin zuen.
Hala eta guztiz ere, momentu batez serio jarri, eta hamar urteko mutil koxkor hari inoiz erran ez ziotena erran nion. Euskara Euskal Herriaren muina dela, eta gure herriak bizirik jarraitzeko funtsezkoa dela. Ingelesa ere beharrezkoa dela baieztatu nion, eta ziurrenik gerora oso ongi etorriko zaiola, baina ez itsutzeko horrekin, ez baita Ingalaterran bizi.
Ez dakit barneratua zeukan ikuspuntua aldatzea lortu nuen, baina ortzeguneko azterketarako gustura ikasi zuela erranen nuke. Emaitza da horren lekuko; ‘oso ongi’ bat atera du gure mutil argiak!