Iruñeko Ospitaleen Guneko aparkalekua ordainpekoa izango da

Urtarrileko lehenengo hamabostalditik aurrera, Nafarroako Ospitaleen Guneko aparkalekuan autoa uzteko ordaindu egin beharko da. Hala adostu dute Enrique Maia Iruñeko alkateak eta Marta Vera Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak. Orotara, 681 aparkaleku dauden arren, 306 eremu laranja izango dira eta 236 eremu urdina. Gainerakoak, ezinduentzat, anbulantzientzat eta taxientzat izango dira, besteak beste.

Beraz, urtarriletik aurrera, Nafarroako Ospitaleen Gunean ez da autoa doan aparkatzeko aukerarik izango. Hala ere, Verak azaldu duenez, Nafarroako Ospitaleen Guneko langileentzat 2 euroko tarifa berezia jarriko dute. Prezio horren truk, lanaldiak irauten duen denboran aparkatu ahal izango dute autoa eremu laranjan.

Dagoeneko, Iruñeko Udalak eta Osasun Departamentuak zehaztuta dute zein izango den eremu urdina eta zein eremu laranja. Vianako Printzea kontsultategiaren aldeek mugatuko dute eremu urdina. Irunlarrea kaleko sarreraren ondoan, 115 autorentzako tokia izango da, eta 121 kontsultategiaren atzean. Hiriko gainontzeko eremu urdinetan bezala, gehienez bi orduz utzi ahal izango da autoa eta prezioa gehienez 2,10 eurokoa izango da.

G pabiloiaren pareko aparkalekuan, 176 autorentzako tokia izango da, eta eremu laranja gisa izendatzea erabaki dute bi administrazioek. Hala, egun osoz utzi ahal izango da autoa bertan, gehienez 4,35 euroren truke. Horiez gain, erietxeen inguruko zonaldeetan beste 17 aparkaleku laranja izango dira, eta 21 M6-aren alboan. Pabiloi zuriaren inguruneetan 30 toki izatea espero da, eta beste 22 E eta F pabiloietan; 12 pabiloi Urdinaren parean, 21 Mantentze Zerbitzuaren eraikinean eta beste 7 Eskola Profesionalean.

Erregulatutako aparkaleku sistema abian jartzeko, ia 158.000 euroko inbertsioa egingo dutela aurreikusi dute Iruñeko Udalak eta Osasun Departamentuak. Gainera, azpiegitura ustiatzeko, urtean ia 250.000 euro beharko dituzte. Hala, jakinarazi dutenez, bi erakundeek erdibana egingo dituzte gastuak eta aparkalekuen zaintzaz Dornier SA enpresa pribatua arduratuko da.