“Koru bat zuzentzeko bi eskuak behar dira, eskuina eta ezkerra”

“Musika egiteak, zuzentzeak bereziki, mundu honetatik beste batera eramaten nau”, dio Igor Ijurrak (Etxarri Aranatz, 1973). Horregatik aukeratu zuen ogibide gisa musikagintza. Bera da Iruñeko Orfeoiaren zuzendaria 2005. urtetik. Horretan soilik aritzen den lehen zuzendaria da. Zuzenbide ikasketak bukatu zituen, baina gehiago maite zuen musika. Txiki-txikitatik du Ijurrak musikarekiko zaletasuna. Aitona, ofizioz zurgina bazen ere, Etxarri Aranazko bandaren sortzaileetako bat izan zen. “Ni jaio nintzenerako, aitona erretiratua zegoen, eta zura lantzen zuen bitartean euskal kantak abesten zizkidan: Iparragirreren kantak eta gabon kantak”. Aitonak musika zaletasuna piztu zion, baina aitonaren lagun batek azaldu zion koru bat zuzentzeko sekretua: “Koru bat zuzentzeko bi eskuak behar dira, eskuina eta ezkerra. Eskuineko eskuarekin korua zuzentzen da, baina ezkerrekoarekin eraman egiten da”. Ijurraren aburuz, zuzendari batek teknika beharrezkoa du. Baina hori bezain garrantzitsua harremanak lantzen jakitea da.

Musika du ogibide Ijurrak. Gaztetatik ikasi zituen solfeoa, txistua eta pianoa jotzen. Iruñeko kontserbatoriora 16 urterekin sartu zen. Bertan harmonia, musikaren historia, estetika, eta abar landu zituen. Solfeo eta Kantu irakasle tituluak lortu zituen. Artean, Zuzenbide ikasketak egiten zituen Ijurrak. Baina unibertsitateko bigarren urtean Etxarri Aranazko Abesbatzako zuzendariak kargua utzi egin zuen. Ijurrak 15 urte zituenetik zeraman abesbatzan eta19 urterekin berari esan zioten zuzendaritza hartzeko. Orduan hasi zuen bere zuzendari ibilbidea. Herriko abesbatzaren zuzendaritza hartzearekin batera hainbat ikasketa egin zituen, zeregin horretan aritu ahal izateko.

Zuzenbide ikasketak bukatu zituen 23 urterekin. Orduan, zirt edo zart egiteko garaia heldu zitzaion: zuzenbidea edo musika. “Konturatu nintzen gogokoago nuela musika. Beraz, gurasoei eskatu nizkien urte pare bat musika tituluak ateratzeko eta gero lanean hasiko nintzela agindu nien”. Solfeoko eta Kantuko tituluak atera zituen. Bitartean, Etxarri Aranazko Musika Eskolan klaseak ematen hasi zen. Baina Ijurrak ez zuen bizimodu erosoa. “Han eta hemen ibiltzen nintzen hainbat ikasketa egiten, eta emazteari esan nion ikasketa arautuak egin behar nituela”. Ijurra ezkondua zegoen jada eta alaba batekin. Musikene, goi mailako musika ikastegia, ireki berria zuten, eta bertan atera zuen abesbatza zuzendari titulua. “Urte horiek gogorrak izan ziren, 40.000 km egiten nituen urtean. Etxarri Aranazko Musika Eskolan lan egin eta Donostian ikasten nuen. Horrez gain, herriko abesbatza ere zuzentzen nuen”. Musikenen azken ikasturtea egiten ari zela, 2005-2006 ikasturtean, Iruñeko Orfeoia zuzentzeko aukera eman zioten. “Liskarrak zituzten Orfeoian, zuzendaria kaleratu behar zuten. Berri bat aurkitu arte, niri esan zidaten”, azaldu du Ijurrak. Hasieran hilabete eta erdirako bakarrik kontratatu zuten. Baina, azkenean, bera geratu zen.

“Iruñeko Orfeoia zuzentzea ez da lan erraza. Guztira 285 bat abeslari egongo gara, 100 helduen abesbatzan. Gainera, historia handiko instituzioa da Orfeoia eta hori ere erantzukizun handia da”. Iruñeko Orfeoia ez da abesbatza profesionala. Langileak badaude, baina abeslariak amateurrak dira. “Abeslariek ez dute kobratzen, baina maila handia dute. Orkestra profesionalekin lan egiten dugu eta bertako zuzendarientzako Orfeoiko abeslariak musikariak dira”. Horrek asko betetzen du Ijurra, talde amateur bat antzoki handietan eta munduko zuzendari onenetariko batzuekin lan egiten ikustea. “Herri txiki batekoak gara, eta New Yorken egon gara. Musika duintasunez egiten eta zorionekoak gara gu. Profesional asko sekula egongo ez diren lekuetan egon garelako”.

Ijurraren egunerokoak gora behera asko ditu. “Hau ez da fabrika bat”, azaldu du. Ordutegi finko bakarra du egunean: 20:00etan proba saioa dute. Gainerako orduak hamaika beharretara zuzentzen ditu, besteak beste, lan administratiboa, kontzertuak prestatzea eta ikastea.

Carmina Burana izan da Iruñeko Orfeoiari azken urteetan ospea eman dion lana. La Fura Dels Baus antzerki taldearekin batera landu dute musika lan ezaguna. Proiektua 2009. urtean hasi zen, eta lan hori New York eta Washingtonen aurkeztu dute. Datorren urtean bukatuko dute Carmina Burana ikuskizunarekin. Apustu arriskutsua izan da, baina proiektutik indarberrituta atera direla uste du Ijurrak. Hurrengo urteetan, ikuskizunetan errepertorio berria sartu nahiko luke. Bereziki Nafarroako musikarien lanak estreinatu nahi ditu. Egun, horietako asko, nahiz eta 100 urte izan, ez direlako sekula estreinatu. Berak uste du Iruñeko Orfeoiak, instituzio bat den heinean, Nafarroan egindako musika bultzatu beharko lukeela. “Guk ez badugu gure musika egiten, nork egin behar du?”, galdetu du Ijurrak.